Pala luzeko Gipuzkoako txapelketa herrira ekarrita

Uztarria.eus 2007ko ira. 11a, 13:09

Aurten, lehen aldiz, Izarraitz pilotalkuan ari dira partiduak jokatzen.

Aurten, lehen aldiz, Izarraitz pilotalekuan ari dira partidak jokatzen

Ikasberri kirol elkarteko bi bikotek parte hartu dute txapelketan eta, oraingoz, partida guztiak irabazi dituzte

Bi partida jokatu eta biak irabazi dituzte Ikasberri kirol elkarteko pilotariek pala luzeko Gipuzkoako txapelketan. Urtzi Lopetegik eta Luis Mari LarraƱagak bigarren mailan jokatzen dute eta Imanol Etxabe eta Asier Egiguren Bikutzek, berriz, aurrenekoan. Bi bikote horiek ordezkatzen dute Ikasberri kirol elkartea pala modalitate honetan. Irailaren 1ean hasi ziren txapelketarekin. Joan den larunbatean, hilak 8, lortu zuten txapelketako bigarren garaipena bi bikoteek. Egiguren eta Etxabek 45-25 irabazi zioten Real Sociedad elkarteko bikoteari eta Lopetegi eta LarraƱaga, berriz, 45-42 gailendu ziren zumaiarren kontra.

Aurten, lehen aldiz, Izarraitz pilotalekuan ari dira jokatzen pala luzeko Gipuzkoako txapelketako partidak. Izan ere, pala modalitate honek frontoi luzea behar du eta Izarraizko frontoia aproposa da horretarako. Azpeitiaz gain, hala ere, Andoainen ere ari dira txapelketa jokatzen.

Larruzko pilotarekin jokatzen da pala luzean. Bilbo inguruan sustraitutako modalitatea da eta ez da oso ezaguna gure inguruan. Asier Egiguren Bikutze pala luzeko jokalariak azaldu duenez, "hemen jende gutxik jokatzen du modalitate honetan. Hala ere, urtez urte gero eta fitxa gehiago egiten ari dira Gipuzkoako pilota federazioan". Ikasberri kirol elkarteak pilota modalitate ezberdinak ezagutarazteko lanean dihardu. "Ikasberritik deitu ziguten pala luzeko modalitateari heldu nahi ziotela eta ea parte hartu nahi al genuen galdetzeko" dio Egigurenek. Horrela, iaz hartu zuten parte aurrenekoz pala luzeko txapelketan Egiguren eta bere bikoteak, Imanol Etxabek. Bigarren mailan hasi ziren, baina lehenengo laurek jokatu ohi duten igoera fasera sailkatzea lortu eta eurak izan ziren hoberenak iazko txapelketan. Aurten, aurreneko mailan, oraingoz, jokatutako partida guztiak irabazi dituzte.

Larunbatean partida gehiago Izarraitzen

Hurrengo zita larunbat honetan dute pilotariek. Izarraitz pilotalekuan 16:00retan hasiko dira partidak eta Ikasberrikoek bigarren eta hirugarren partidak jokatuko dituzte. Ondoren, hilaren 21ean jokatuko dituzte finalerdiak Andoainen eta sailkatuz gero, finala 23an jokatuko dute, Andoainen hori ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide