Atzo (irailak 23, igandea) Hazparneko (Lapurdi) kultur elkarteak antolatutako kultur astearen barnean egun garrantzitsua izan zen. Izan ere, Hazparnek eta Azpeitiak duten senidetasuna protagonista izan zen eta Azpeititik hainbat ordezkari joan ziren. Bi herriak 80ko hamarkadatik senidetuta daude.
Goizean egin zuten harrera ofiziala eta bertan ziren IƱaki Errazkin alkatea, Xanet Esnaola, Leire Ibarguren, Julian Eizmendi eta Jabier Altuna udal zinegotziak, eta Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua. Ordezkari politiko guztiak, kulturan, euskaran, kirolean edota ekonomian, "bi herrien arteko lankidetza bultzatzearen alde" agertu ziren.
Harrera ofizialaren ondoren, produktu ekologikoen azoka izan zen, eta ondoren, herri bazkaria izan zuten. Bazkalostean, berriz, bertso saioa izan zen: Joxe Agirre, Imanol Lazkano eta Jokin Uranga azpeitiarrek osatutako taldea, batetik, eta Lapurdiko hiru bertsolarik osatutakoa, bestetik.
Eguna amaitzeko, Joanes Otamendi eta Josu Uzkudunek bi hazpandarren kontra jokatu zuten pilotan. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako zenbait guraso ere joan ziren Hazparnera.