Joan den asteburuan abiatu zen 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Beñat Lizasok dagoeneko egin du bere aurreneko saioa. Legazpiko Latxartegi aretoan egin zuen bertsotan Lizasok eta bigarren sailkatu zen 260 punturekin. Xabier Sukia oriotarra nagusitu zen Legazpiko saioan, azpeitiarrari sei puntu eta erdiko aldea aterata. Antolatzaileen arabera, "saio txukunak" izan ziren larunbatekoak eta bertsolariek ikus-entzuleen arreta bereganatu zuten. Aretoa ia osorik bete zen bertsozalez.
Jokin Uranga eta Urko Egañak ere aurki abiatuko dute txapelketa. Egañak hilaren 29an egingo du bertsotan Zumarraga-Urretxuko Zelai Aristi antzokian. 18:00etan hasiko da saioa. Urangak, berriz, urriaren 6an abestuko du Ataungo herri antzokian, 18:00etatik aurrera.