Egutegi propioa eraikiz... borrokak egingo gaitu

Nekane Zinkunegi. Azpeitiko Ikasle Abertzaleaken izenean 2007ko urr. 11a, 11:10

Bihar, urriak 12, Hispanitatearen Eguna izango da

Horren harira, gutuna idatzi dute Azpeitiko Ikasle Abertzaleek

Urriak 12, espainiar egutegiko egun esanguratsua; espainolisten eta Guardia Zibilaren egun handia dugu. 1492. urteko urriaren 12an, Cristobal Colonek Amerika "aurkitu" zuen eguna ospatzen da, lur horien sarraskia eta harrapaketa. Ordutik, Espainia inperialistaren egun handia ospatzen da urriaren 12an; Hispanitatearen Eguna. Horregatik guztiagatik, munduan hamaika dinamika antolatzen dira Espainia inperialistaren ospakizun handia desager dadin eskatzeko.

Frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herriko ikastetxeei eta fakultateei inposatzen dizkieten jai egun arrotzek funtzio ideologizatzaile eta politikoa dute; euskal ikasleak espainol edo frantses bihurtzeko beste bitarteko bat da. Baina, euskal ikasleoi espainiar eta frantziar estatuetan dagoen egutegi antolaketa inposatzen diguten arren, jai egun arrotzen gainetik euskal egutegiaren aldeko aldarria zabaltzen dugu urtez urte.

Urriaren 12a Euskal Herriaren ukazioa eta gure lurraldearen zatiketa ospatzeko beste egun bat da, azaroaren 11 edota abenduaren 6a diren bezala. Jai egun arrotzek gure herria, gure izaera, guztiz zapaltzen dute. Hezkuntza Sistema Nazional baten alde borrokatzen dugun ikasleok, jai egun arrotzei intsumisioaren bidetik erantzun nahi diegu, egutegi propio bat aldarrikatuz. Beraz, jai egun arrotzen kontrako eta egutegi propioaren aldeko borrokak urriaren 12an inflexio puntu bat izan dezake, ikasturtean zehar garapena izango lukeena.

Aurtengoan ere, Hego Euskal Herrian inposatua den jai egun honetan, euskal ikasleok inposaketa espainolistaren aurrean altxatu nahi dugu. Gure herriko ikastetxe guztietan jai eguna izango da urriaren 12a, baina guk, ikasleok, jai egun inposatuaren gainetik Herri Eskolak egingo ditugu Gaztetxean. Dei egiten diegu herriko ikasle guztiei jai egun arrotzen aurrean erantzun eta euskaldun egutegi propioa lortzeko bidean borrokatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide