Lasaoko auzotarrak haserre daude azken urteotan eta batez ere orain Altuna y Uria enpresaren eskonbrera dela eta jasaten ari diren arriskua, kezka, bazterketa eta "burla"ren ondorioz.
Altuna y Uria enpresak eskonbrera du Lasaon eta urte askoan lur-lokatza edo hondakinez betetzen aritu da. Eten gabe kamioiak ibili dira gora eta behera eta izugarrizko mendia eraiki dute, izugarrizko desnibelarekin eta inolako mugarik gabe.
Egoera horrek zuzen-zuzenean ukitu ditu bertan bizi diren auzotarrak, paseoan ibiltzen direnak, beraien baratzean lanean aritu behar dutenak... hau da, egunero bertatik pasatzen den jende oro.
- Lokatza izugarria uzten zuten bai errepidean eta baita etxe aurretan ere eta inoiz ez da egon inor garbitzen.
- Harritzarrak noiznahi erortzen ziren errepidera lurra husten zutenean edota gainean lurra zabaltzen makina lanean ari zenean.
- Izugarrizko "mendia" eraiki dute, lokatzazko eta harrizko mendia, izugarrizko desnibelarekin, egun batean lur jauzi bat gertatuko zenaz kezkatzen gintuena.
Egoera horren aurrean jaso ditu Azpeitiko Udalak kexak, baina egin duen gauza bakarra Udaltzainak txosten bat betetzea izan da, inolako neurririk hartu gabe.
Eta azkenean, izugarrizko lur jauzia gertatu da. Ez du inor harrapatu azpian baina...Ezin al zen hau ekidin?
Orain hemen gaude, telefonorik gabe (dagoeneko konpondu dute), baratzarik gabe, pasabiderik gabe, ruta alternatiboa erabiltzera behartuak(semaforoak gidaturik) eta beste lurjauzi bat gertatzeko dagoen arriskuaz beldurturik eta erabat kezkaturik. Bizirik gaude, ez da gutxi, baina kezkatuta, oraindik ere zer gerta daitekeenaren beldur, menditzarraren zati handi bat hor baitago oraindik erortzeko arriskuan.
Guzti horren ondoren, eta hamabost egun pasa eta gero, egoerak berdin jarraitzen du, oraindik ez dute lurra kendu, zertxobait besterik ez. Lasaotarrek azalpenak eskatzen dizkiete Azpeitiko eta Zestoako Udalei, Azpeitiko lurretan erori bada ere kaltetuak Zestoakoak ere badirelako.
Lasaoko auzotarrak