Lasaon, urriaren 5ean, Altuna y Uria S.A.-ren hondakindegitik erori zen luizia dela-eta Azpeitiko Udalak espedientea ireki dio enpresari. Eremu hori hondakindegi bezala erabiltzeko baimenik ez duelako ireki dio Udalak espedientea.
Altuna y Uria S.A.-k 20 urtean erabili du lur eremu hori, errepideak eta etxebizitzak eraikitzerakoan ateratako lurra pilatzeko.
IƱaki Errazkin alkateak jakinarazi duenez, "datorren astean Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bilduko gara, administrazio hauek ere egoera honi dagozkion legezko neurriak har ditzaten".
Hondakindegia itxiko dute
Luiziak eragin dituen kalteak lehenbailehen konpontzeko lehentasunak ezarri ditu Udalak. Hala, eremu hori seguru al dagoen, pilatutako lurra egonkor al dagoen eta gehiago mugitzeko arriskurik ba al duen ziurtatuko dute lehenik, hondakindegi hori behin-betiko ixtearekin batera.
Behin eremua gehiago ez dela mugituko ziurtatu ostean hasiko dira errepidea eta luiziak azpian harrapatu duen guztia berrezartzen.
Luizi honek eragin dituen kalte guztiak enpresak ordainduko ditu. Oriora lurra mugitzen ere hasiak dira, baina beste hondakindegi bat lortu beharko dute, lur guztia garraiatzeko.
Bizilagunei dagokienez, Udaleko ordezkariak asteazkenean bilduko dira udaletxean arazoa konpontze aldera.