Zezen Gorri elkartea sortuko dute, ekimen berrietarako

Uztarria.com 2007ko aza. 2a, 21:11

Zezenketak aparte utzi eta herriko festetatik kanpoko gauzak sustatuko dituzte: lehengo ekimenak berreskuratu, ganadutegietara bisitak, kapeak...

Hurrengo bilera azaroaren 13an egingo dute, 20:30ean, Sindikatu Zaharrean; deialdia irekia da

Azken albistea (azaroak 17, 15:05). 20 lagun bileran

Saninazioetako zezenketak antolatzeko Azpeitian bada batzorde bat eta, haien zeregin horretan sartu gabe eta lan ildo desberdinak garatzeko asmoz, herrian beste elkarte bat sortuko dute laster, uztarria.com-ek jakin duenez. ‘Zezen Gorri’ izena jarriko diote, hain zuzen ere. “Azpeitia bezalako herri zezenzale batek behar duelako sortuko dugu”, diote hor dabiltzanek.

Azaroaren 10ean (larunbata), Errebaleko festetan sokamuturra egongo dela-eta, idatzia banatuko dute, eta hurrengo bilera azaroaren 13an egingo dute, 20:30ean, Sindikatu Zaharrean. Deialdia irekia da. Elkartea juridikoki eratzeko pausoak ematen ari dira orain.

Oro har zezen kontua gustatzen zaien lagun batzuk urrian hasi ziren bilerak egiten —azkena urriaren 26an egin zuten—, artean deialdia herritar denei zabaldu gabe. Sokamuturrean, entzierroetan, ganadutegietako ekintzetan... ibiltzen direnak bildu dira, eta elkartea eratzeko urratsa egitea erabaki dute, “urtean zehar festetatik kanpo beste ekimen batzuk antolatzeko beharrezkoa delako”. Kalean eta —korridak aparte utzita— zezen-plazan antolatu nahi dituzte ekintzak.

Besteak beste, “lehen Azpeitian izaten ziren ekimenak berreskuratzen” ahaleginduko dira: Santiago kaleko festetako sokamuturra, kuadrilen kapeak zezen-plazan... Beste herrietako elkarteekin harremanak izango dituzte, bidaiak antolatuko dituzte Azpeititik kanpoko ekimenetara, ganadutegietara bisitak…

Azpeitiko Udalarekin “elkarlanean” aritzeko borondatea dute, “gauzak antolatzean, ikusten diren gabeziak zuzentzen ahalegintzeko edo ekimen berriak egiteko”.

Web orrialdea

Zezenei buruzko lege berriak “gero eta zorrotzagoak” direla-eta, horiek aztertu egingo ditu Zezen Gorrik, “zer egin eta nola antolatu erabakitzeko”.

Informatiboki, elkartearen berri Azpeitian bertan emateaz gain, herritik kanpo ere eman nahi dute eta, modu horretan, web orrialdea sortzeko asmoa daukate.

Azken albistea (azaroak 17, 15:05). 20 lagun bileran.

Asteazken (azaroak 13) iluntzean hogei lagun inguru elkartu ziren Zezen Gorri Elkartea sortzeko deitutako bileran. Elkartea zezen kontuak emateko eta antolatzeko sortu nahi dute hainbat herritarrek. "Gustura gaude herritarrek lehen deialdiari egindako harrerarekin. Hogei lagun inguru elkartu ginen asteazkenean eta, gainera, bilerara etorri ezin izan zuten beste hamar lagun inguruk elkartean lan egiteko gogoa azaldu digute. Jendea lan egiteko gogoz dago eta, alde horretatik, pozik gaude", azaldu du elkartea sortzeko lanean ari den Mikel Arrietak.

Mikel Ibarzabal (EA) Udaleko Festa batzordeburua ere Zezen Gorri sortzeko bileran izan zen; "Udaleko ordezkaria elkarlanean jarduteko prest agertu zen asteazkeneko batzarrean".

Ezer egiten hasi aurretik, elkartea formalki eratzeko pausoak ematen ari dira orain. "Legez elkartea sortzeko lanean ari gara; zuzendaritza aukeratu, paperak egin, estatutuak... Oraindik ere ez dakigu elkarteari Zezen Gorri izena jartzertik izango al dugun; aurrena izena bera erregistratu egin behar dugulako", azaldu du Arrietak.

Oraindik hurrengo bilera noiz izango den ez dute zehaztu, baina behin legez eta formalki elkartea sortzen dutenean, jendaurreko agerraldi bat egiteko asmoa dute. Bestalde, hurrengo bilera noiz egin erabakitzen dutenean, publikoki jakinaraziko dutela adierazi du Arrietak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide