EAE-ANVk 'Guk Euskal Nazioa Independentzia!' manifestua aurkeztu du

Uztarria.eus 2007ko aza. 13a, 12:11

Atzo, astelehena, aurkeztu zuten 'Guk Euskal Nazioa. Independentzia!' manifestua Aitonenan.

Ezker Abertzaleak egindako bake proposamena berretsi dute; bide horrek marko demokratiko berri bat ahalbidetuko duela iritzita

Mobilizazioak deitu dituzte azaroaren 23 eta 24rako

Guk Euskal Nazioa. Independentzia! lemapean EAE-ANVk Euskal Herri osorako egin duen manifestua aurkeztu zuten atzo (azaroak 12, astelehena) alderdi horrek Azpeitian dituen ordezkariek Aitonena Ien.

EAE-ANVren arabera, "PSE-EE eta EAJ alderdiek gatazka politikoa gainditzeko prozesuari ezezkoa eman eta gerra estrategikoaren bideari heldu ondoren, zurrunbilo egoera batean murgildu da Euskal Herria". Egoera horretatik atera asmoz, Ezker Abertzaleak egindako bake proposamena berretsi zuten. "Euskal jendartearen gehiengoak nahi bezala, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzea gakoa izango da eta bide horretatik marko demokratiko baterako jauzia emango dugu". Haien iritziz, "marko horrek proiektu politiko guztiak berdintasunean defendatzeko bidea irekiko luke", eta horrek "indarkeria gabeko eskenatokia" ekarriko luke berekin.

EAE-ANVko ordezkariek uste dute "Euskal Herriak bizirik jarraitzeko aukera bakarra independentea izatea" dela. Ildo horretan, Ezker Abertzaleak independentziaren aukera "tinkotasunez" defendatzen jarraituko duela gaineratu zuten.

Horren harira, Guk Euskal Nazioa. Independentzia! lemapean mobilizazioak deitu ditu EAE-ANVk. Azaroaren 23an ikastetxe eta lantokietan ekimenak egingo dira. Azaroaren 24rako, berriz, manifestazioa antolatu dute 19:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta.

Datozen asteotan hasiko dira manifestuaren inguruko atxikimenduak biltzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide