Gurutze Eizmendi eta Boni Alegria

uztarria.com1 2007ko aza. 21a, 12:00

Gurutze Eizmendi eta Boni Alegria
Lakrikun Azpeitiko antzerki taldeak '25 urte... ta segi bueltaka' antzezlana estreinatuko du azaroaren 24an, 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Euskal Antzerki Topaketak 25 urte beteko ditu aurten. Urteurrena ospatzeko taularatuko dute lan berria azpeitiarrek.

1. Aupa zuek! Aurtengo lan berezirako, nork prestatu dizue gidoia?
josu

Aupa Josu! Aurtengo lan berezirako gidoirik ez dago, hasteko. Denon artean egindako lana da. Azkenenengo urteetan gure ustez egin ditugun 'skech' politenak hartu eta beste batzuk asmatu. Horien artean egindako uztartze bat da. Gure ustez gauza polita egin dugu, antzezlan goxo bat. Topaketen 25. urteurren honetarako propio prestatutako antzezlana da eta egun horretan bakarrik eskainiko dugu.

2. Lakrikun, taldearen izenak, ba al dauka esanahirik?
martin

Kaixo Martin! Begira dagoenaren atentzioa lortzeko egiten diren gehiegikeria edo faltsukeriak. Hori esan nahi du Lakrikun hitzak.

3. Imanol Eliasi antzerki lanik egitea eskatzen al diozue?
Txomin

Aupa Txomin! Lakrikun sortu zenetik hirugarren lana izan zen Imanol Eliasena, hain zuzen,'Zorioneko oporrak'. Duela hamar urte, hamar bat emanaldi egin genituen obra horrekin. Gero, Alaitz Olaizola sartu zen taldean eta "derrigortu" egin genuen gidoiak idaztera. Harrezkero, bost bat antzezlan egin ditugu Alaitzen gidoiekin.

4. Kontau pasadizo txiki bat
Mikel

Mikel, etorri hadi egun baten gugana eta kontatuko dizkiagu, testamentu zaharra baino luzeagoak dituk eta. Besteren batek ere etorri nahi badu, berdin. Baina horrela ibiltzeko gogoa behar duk!

5. Urte hauetan non euki dezue arrakastaik haundiena?
Ana Mari

Ana Mari, arrakasta handiena Azpeitiko topaketetan izan ohi dugu. Herritar asko etortzen da gu ikustera eta normalean ondo erantzuten du jendeak. Gero, herri bakoitz ezberdina izaten da. Hala ere, herri txikietan arrakasta handiagoa izaten dugu handietan baino, oro har. Gaur egun, berrehun bat lagun elkartzea ez da erraza gu bezalako amateur talde batzentzat. Orokorrean ez gara kexatzen.

6. Azpeitian egin beharko al litzateke antzerkiari buruz plan serio bat? Jendea trebatu, ikastetxeetan klaseak eman...
Mireia

Bai, egin beharko litzateke baina normalean urtea joan eta urtea etorri galdera pila bat egoten da eta erantzun gutxi. Azpeitian, hala ere, hasi da antzerki mugimendua. Zapo Txokon, Alaitz Olaizolak zuzenduta, 12 urte bitartekoentzat antzerki tailerrak daude. Emakumeentzat ere badago tailerra, herri mailan. Eta Azpeitiko Ikastolan, Ikasberrin, ere badago tailerra nik (Gurutzek) zuzenduta. Hori gaur egun. Noiz arte iraungo duen ez dakigu. Lan altruistak askotan desegin egiten dira.

7. Zenbat kobratzen duzue antzezlaneko?
Mielmai

Amateurrok kontuak enpazten nahikoa lan izaten dugu. Udalak ematen digu diru laguntza bat baina diru hori jaso orduko xahutzen da: eszenatokia prestatzen, arropak, kartelak, zuzendaria... Gu sozialistak gara, kobratzen dugun guztia banatu egiten dugu. Sozialista profesionalek ere ez dakit hori egiten duten baina zorrik ez egiten saiatzen gara. A, hala eta guztiz, aseguru txiki bat badaukagu taldean zerbait gertatuta ere. Gehiago jakin nahi baduzu, 21:30ean Izarraitz pilotalekura azaldu.

8. Umerik ba al dago edo egon al da zuen taldean? Edo haurren edo gaztetxoen talderik sortzea behin ere pentsatu al duzue?
uztarria.com1

Lakrikunen sartzeko baldintza bakarra 18 urte beteak izatea da. 18 urtera arte Ikastolak berak eskaintzen du antzerki tailerra eta ondoren, jarraitu nahi duenak gure taldera jotzen du.

9. Ze diru laguntza jasotzen dezue udaletik?
Ane

Beste kultur taldeek jasotzen duten adina, emandako dena.

10. Zeuon bizitzan zenbateaino antzezten dezue?
Inaxio

Bizitza ez al da antzerki bat? Guk uste dugu momentu batzuetan guztiok antzezten dugula. Gaueko ordu txikietatik aurrera gehiago.

11. Azpeitiko kultur taldeen ekimenetara, oro har, jendea joaten al da?
idoia

Guk geurea ezagutzen dugu eta antzerkiak harrera ona izaten du. Badira beste hainbat ekitaldi jendea ez dena horrenbeste joaten. Bakoitzak berak aukeratzen ditu bere kultur ekimenak.

12. Azpeitiarekin konparatuz, beste herrietako ikusleekin ezberdintasunik ba al dago?
pako

Azpeitian ezagunak garelako jendeak gehiago mimatzen gaitu. Horrek ez du esan nahi beste herrietan ere harrera ona izaten ez dugunik. Denetik dago.

13. Zer eman eta zer kendu dizue antzerkiak?
nerea

Eman, gauza asko. Antzerkia ezagutzeko aukera eman digu, talde-lana, herri asko ezagutzen dituzu, jende asko ezagutzen da baita ere, telebistan lan dezente egitea ere tokatu zaigu, eta gainera ondo pasatzen dugu. Kendu, orduak.

14. Antzezlea izateko zer da garrantzitsuena?
miren

Gogoa. Amateur taldeko kide bazara, lan asko egin behar izaten da eta lanerako gogoa izatea ere garrantzitsua da. Hortik aurrera, bakoitzaren abileziak azaltzea eta taldea errespetatzea.

15. Azpeititik kanpo antzeztu duzuenean nolako harrera izan duzue?
itxaso

Lehen esan dugun bezala, herri bakoitza desberdina da eta ikuslegoa ere bai. Orokorrean ondo erantzun digute, ez gaude kexatzeko moduan.

16. Euskarazko antzerkia beti umorearekin lotzen dut, ez dakit nere kontua soilik den. Zuek ere, gehienetan -ez dakit beti-, umorezko obrak antzezten dituzue. Zergatik iruditzen zaizue dela hau? Animo, lan ona ari zarete egiten-eta!
josu

Azkenean konturatu gara umoreak saldu egiten duela. Oro har, jendeak umorezko obrak gogokoago ditu. Bestela ere, badago nahiko gerra. Gu jendeak ondo pasa dezan ahalegintzen gara eta ikuslegoak eskertzen du. Hamalau urtean gabiltza umorea egiten eta hala jarraitzea espero dugu.

Agurra

Eskerrik asko denoi galderak egiteagatik. Gure ustez, guztiak gelditu dira erantzunda, baina ez bada horrela badakizue non gauden. Besterik gabe, animatu datorren larunbatean Izarraitzen eskainiko dugun estreinaldira. Agur!


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide