Oihana Unanue eta Miren Zabala Ikasberri Kirol Elkarteko kideak bihar (abenduak 1, larunbata) Emakumea Pilotari txapelketako finaletan izango dira, Hernanin.
Bigarren urtez jarraian ezker hormako Emakumea Pilotari txapelketa antolatu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta han izango dira bi azpeitiarrak binakako finala jokatzen, maila desberdinetan.
Guztira 36 pilotarik hartu dute parte edizio honetan 24 titularrek eta 12 ordezkok, eta federazioak ranking arabera bi mailatan banatu zituen jokalariak, txapelketa orekatua izan zedin. Ikasberriko hiru azpeitiarrek hartu dute parte ligaxkan: Oihana Unanuek lehenengo mailan, eta Miren Zabalak eta Naroa Urbietak bigarren mailan.
Larunbat honetan Hernaniko udal pilotalekuan izango da finala, 17:30ean, eta bertan Zabalak Nagore Zabala Hernaniko bikotekidearekin jokatuko du, Bañales-Gurrutxagaren aurka. Unanuek, berriz, Itsaso Urkizu berastegiarrarekin jokatuko du, eta Etxegia-Mendizabalen kontra.