Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lanak aurrera doazela eta lurjabeekin hartu ematen ari direla azaldu du Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak. Lurjabeengandik proiektu zehatza jasotzeko zain daude, zer hobekuntza "exijitu" ditzaketen jakin eta negoziatzeko.
Iñaki Errazkinek (EAE) alkatetza hartu zuenean Etxebeltz-Izarran etxebizitzak egiteko "lizentzia guztiak emanda" zeuden. "Bere garaian ere esan genuen, gu ahalik eta kudeaketa onena egiten ahaleginduko ginela. Horretan ari gara, Etxebeltz-Izarran egingo diren babes ofizialeko etxebizitzak etxejabeei baldintza onenetan eman ahal izateko lanean".
Udalak Etxebeltz-Izarrako lurjabeekin hitzarmen bat du eginda. Horren arabera, aprobetxamenduaren %10a, hau da, 900.000 euro etxebizitzen hobekuntzan erabili behar dira. "Promotore edo lurjabeekin adostu behar dugu diru hori zertan erabili, baina horretarako proiektu zehatza jaso beharra daukagu. Oraindik ez dugu jaso. Proiektua jasotzen dugunean lurjabeekin negoziatu beharko dugu".
Udalaren erantzukizuna
Udalak babes ofizialeko etxebizitzak egiteko aurrekontua jaso du eta orain aztertzen ari da: "Beste etxebizitza batzuk egiteko aurrekontuekin konparatzen ari gara, Udalak kontu honetan duen erantzukizuna zuzen bete beharra daukalako". Aurren-aurrena, lurjabeek oinarrizko proiektua zuzen beteko duten begiratu nahi dute Udaleko arduradunek eta, ondoren horren gainean hobekuntzak egiteko exijituko diete promotoreei.
Alkateak adierazi duenez Udalaren nahia, "herritarren intereserako lurjabeekin ahalik eta akordio hoberena lortzea da".
Babes ofizialeko etxebizitzetarako izena eman zutenen behin behineko zerrenda osatu zuten aurrena, gero aurkeztu ziren alegazioak aztertu, eta behin betiko zerrenda eginda dute.
Ikusi albiste honen erantzuna Urola Kostako Hitza.infon