Festa giroan ospatu dute euskararen eta ikastolaren aldeko eguna herriko ikastetxeetan

Uztarria.eus 2007ko abe. 3a, 18:12

Goiko argazkian, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxagaraiko ikasleak ageri dira abesten. Behekoan, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Haur Hezkuntzako haur batzuk ageri dira DBHko ikasleek kontatutako ipuina entzuten.

Ikasberri Azpeitiko Ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastolan egun osoan zehar ekimenak egin dituzte

Ipuin kontaketak, kirol lehiaketak, jolasak eta abestiak izan dira, besteak beste, batean eta bestean

Gaur (abenduak 3, astelehena) Euskararen eta Ikastolaren Eguna ospatu da batean eta bestean. Azpeitian, herriko bi ikastetxek egun osoko egitaraua prestatua zuten euskararen eta ikastolaren egunari gorazarre egiteko eta ekimen ugari burutu dute, haurrak protagonista hartuta.

Ikasberri Azpeitiko Ikastolan goizean goiz igorri den pregoiak eman dio hasiera egunari. Haur Hezkuntzako haurrekin hasi eta Batxilergoko gazteenganaino, ikasle guztiek hartu dute parte euskararen eta ikastolaren aldeko ekimenetan. Mari Domingiri harrera, ipuin kontaketak, Argitxori eskainitako marrazkiak, lehiaketak eta filmak ikusi dituzte, besteak beste, ikastolan. Goizeko ekimenen ondoren, bazkaria izan da ikastolako aretoan eta horren ostean, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek eskainitako showa ikusi ahal izan da gimnasioan.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastolan ere ez dute ahantzi Xabier Deunaren eguna eta euskararen eta ikastolaren aldeko ekimen ugari egin dute: irratsaio berezia, ipuin kontaketak, marrazkiak, abestiak, jolasak, futbola, saskibaloia, sokatira, pilota partiduak, mihiluze lehiaketa, eta mus txapelketa izan dira, besteak beste, bi ikastetxeetan burutu dituzten ekimenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide