EAJk 2003-2007ko agintaldiko udal taldea omendu du

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 4a, 11:12

EAJk aurreko agintaldiko udal taldea omendu zuen larunbatean.

Uri Buru Batzarreko lehendakariak esker ona azaldu zien: "Zuen lanak herritarren gehiengoaren babesa du"

Omenaldiaren ondoren, Azpeitiko EAJko lehen batzokia ireki zueneko mendeurrena ospatu zuen

Larunbatean Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarrak 2003-2007ko agintaldian EAJko udal taldea osatu zutenak omendu zituen, tartean Julian Eizmendi alkate izandakoa. Omenaldian ehun lagun inguruk parte hartu zuten. Bazkalostean oroigarri bana banatu zieten.

Alex Etxeberriak, Azpeitiko Uri Buru Batzarreko lehendakariak, esker ona azaldu zien larunbatean omendutakoei: "Zuek lau urteetan egindako lanak eta martxan jarritako proiektuek azpeitiarren gehiengoaren babesa izan dute, hori azken udal hauteskundeetan argi eta garbi ikusi da. Berriro Julian Eizmendi izan da herritarren boto gehien jaso duena, alde handiarekin gainera". Gainera, Etxeberriak datozen hauteskundeetan zer jarrera izan behar duten ere adierazi zuen: "Ez ahaztu gaur egungo Udalaren osaketan gutxi batzuek izan duten jokaera lotsagarria ".

2003-2007ko agintaldian udal taldea osatu zutenen lana goraipatu ondoren, Azpeitiko EAJk lehen batzokia ireki zueneko mendeurrena ospatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide