XXV. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria Txalo taldearen Bota Patsa antzezlanak jaso du. Saria Santo Tomas egunean jasoko dute aktoreek. Udaleko Kultura Sailak adierazi duenez, Ikusleen Sarian parte-hartze "handia" izan da, "ia ikusle guztiek parte hartu dute beren botoa eman edota balorazioa eginez".
Topaketen zilarrezko ezteietan "jende ugari" izan da Izarraitz pilotalekuan antzerkia ikusten. Udalaren esanetan, "erantzun ona" jaso dute Topaketek. "Guztira 17 antzezlan taularatu dira eta eskola antzerkian ere aukera zabala izan da. Zazpi antzezlan izan ditugu, bat talde profesionalak egindakoa eta beste sei Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrek egindakoak".
XXV. Topaketetan estreinaldi bakarra izan da, Lakrikun antzerki taldearen 25 urte... eta segi bueltaka lana. Udalak, Lakrikunek egindako lana "zoriondu" du. Aurten era askotako lanak izan direla azaldu du Udalak, "igandero, batez beste 400 ikusle izan dira Izarraitzen".