Azpeitian "jarraipen zabala" izan du '18/98 auzia' gaitzesteko lanuzte deialdiak

Uztarria.eus 2007ko abe. 13a, 14:12

Argazkian, gaur (osteguna) plazan egin duten elkarretaratzea eta, haren behean, Landetakoa.

18/98 sumarioko auzipetuek eta Euskal Herriko eragile batzuek deitu dute lanuztea; LAB sindikatuak deialdiarekin bat egin eta lanuzteak bultzatu ditu

Arratsaldean manifestazioa egingo dute; 19:30ean plazatik abiatuta

Azken albistea (abenduak 14, ostirala): Atzo, osteguna, egindako manifestazioan 150 bat lagun izan ziren

.18/98 sumarioa gaitzesteko, auzipetuek eta Euskal Herriko eragile batzuek lanuzte deialdia egin dute gaurko (osteguna). Azpeitian lanuzteak "jarraipen zabala" izan duela adierazi du LAB sindikatuak; LAB bera izan da deialdiaren bultzatzaileetakoa.

.12:00etatik 13:00etara egin dute lanuztea eta, LABen arabera, "herriko hainbat enpresek itxi egin dute; horien artean, nagusietakoek". Herriko hainbat komertziok ere itxi egin dute.

Eguerdiko hamabietan elkarretaratzeak egin dituzte herriko plazan eta Landetako biribilgunean. Denera, 450 bat lagun bildu dira Proiektu politiko guztiei aukera demokratikoa lelopean. Kopuru horrez gain, beste zenbait lantokitako langileek ere lanuztea egin dute eta euren tailerren aurrean egin dituzte kontzentrazioak.

Epaia "Euskal Herri osoaren kontrakoa" dela salatu zuten 18/98ko auzipetuek, eta eragileek lanuztea deitzeko eskaini zuten prentsaurrekoan. "Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren kontra antolatuta daukaten gerra estrategia" 18/98 auziak laburbiltzen duela argudiatu dute. "Ehunka atxiloketa, hedabideak itxita, antolakundeak ilegalizatuta, torturak, kartzela, heriotza eta hilketak. Hori da auzi honek eskaintzen digun balantzearen irudia", azaldu dute. "Gure erabakiak onartuak izan daitezen, inolako eskuartze eta inposiziorik gabe, denon artean lortu behar dugu eta lortuko dugu. Borroka garaia da. Euskal Herriaren ordua da".

Gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute; 19:30ean eta plazatik abiatuta.

Azken albistea (abenduak 14, ostirala): Atzoko manifestazioan 150 bat pertsonek parte hartu zuten. Manifestazioaren ondoren, ekitaldia izan zen: txalaparta eta bertsoak izan ziren. Bukatzeko, "18/98 auzia gaitzetsi eta Euskal Herria jasaten ari den jazarpenaren aurrean borroka garaia" dela dei egin zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide