Irigoien, Goenatxoren markaren bila

Berria (Joseba Zubiaur) 2007ko abe. 14a, 11:12

.152 kiloko kuboarekin azkoitiarrak duen marka hobetzen saiatuko da igandean errezildarra, Zizurkilen

Irigoienek Euskadiko Harri Txikietako eta Harri Handietako Txapelak eskuratu ditu aurten

Azken albistea (Abenduak 17, astelehena): Aimar Irigoienek Goenatxoren marka haustea lortu zuen

Aimar Irigoien harri-jasotzaile gazteak azken bi urteetan gorakada nabarmena eman duela ez du inork zalantzan jartzen. 21 urteko errezildarrak urte oparoa izan du aurten, eta azken bi erronkei egin beharko die aurre urtea bukatu aurretik. Lehena igandean izango du, 12:00etan Zizurkilen (Gipuzkoa). 152 kiloko kuboarekin marka ezartzen saiatuko da. Horretarako, Juanjoxe Unanue Goenatxo II.ak orain lau urte egindako 16 jasoaldiak gainditu beharko ditu, hiru minutuko txanda batean. Bigarren erronka astebete barru izango du, Santo Tomas egunean, 175 kiloko zilindroarekin marka ezartzen saiatuko baita.

Irigoienek Euskadiko Harri Txikietako eta Harri Handietako Txapelak eskuratu ditu aurten. Harri Txikietako txapelketan 13.112,5 kilo berdindu zituen lepoan, harriei 113 jasoaldi eman ondoren. Txapelketa horretan, 125 kiloko koadroa, 125 kiloko zilindro-kopa, 112,5 kiloko kuboa eta 100 kiloko bola erabiltzen dira. Harri Handietako Txapelketari dagokionez, iaz jantzi zuen txapela aurrenekoz eta aurten txapela janzteaz gain, Txapelketako marka hobetu zuen. Hain zuzen, Goenatxo II.ak zuen marka ordura arte. Azkoitiarraren marka 8.950 kilo ziren -Txapelketak harrien pisua gutxiagotu zuenetik- eta errezildarrak 9.475 kilo berdindu zituen lepoan. Txapelketa horretan 200 kiloko koadroa, 175 kiloko zilindro-kopa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola erabiltzen dira. Txapelketan erabilitako kuboaren eta etzi erabiliko duenaren artean bi kiloko aldea dago bakarrik. 150 kiloko kuboa 16 bider bizkarreratu zuen Irigoienek. Goenatxo berak egunkari honi eskainitako elkarrizketan aitortu zuenez, errezildarrak bere maila ematen badu, marka hobe dezake: "Uste dut erraz hobetuko duela. Egun txarra badu, ez du egingo, eta bere lana egin beharko du, baina uste dut lortuko duela". Halaber, Irigoienen sasoi biribilari buruz ere mintzatu zen: "Oso gora joan da, eta harri-jasotzaile handia da, oso indartsua da, eta pisu hori ongi menderatzen du".

Lurraldekoan ere nagusi

Euskal Herriko bi Txapelketa nagusiez gain, lurraldekoa ere Irigoienen esku gelditu zen. Gipuzkoako txapela ere errezildarrak jantzi zuen uztailean, 9.837,5 kilo bizkarreratu ondoren. Halaber, beste lehia batzuetan ere Irigoien nagusitu da. Maiatzean Gorostidiren omenezkoan berak jantzi zuen txapela Adunan (Gipuzkoa), 185 kiloko eta helduleku bakarreko zilindro zaharrarekin 11 altxaldi egin ondoren. Uztailean Alegian jokatu zen Txintxarri sarian (Gipuzkoa), txapela jantzi eta marka ezarri zuen. 76 jasoaldi egin zituen 125 kiloko bola, zilindro eta kubikoarekin. Irailean Telleriarekin bikoa osatu zuen Izeta aita-semeen aurka Berrobiko txapelketan (Gipuzkoa). Egur sport enpresak antolatutako Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketako txapeldunei irabazi zieten, bien artean 11.649 kilo altxatuta. Etziko marka lortu gabe ere denboraldi aparta izan da.

Azken albistea (Abenduak 17, astelehena): Aimar Irigoienek Goenatxoren marka haustea lortu zuen. Hiru minututan 17 aldiz igo zuen 152 kiloko kuboa. Hemezortzigarren altzaldi batekin ere saiatu zen errezildarra baina epaileak baliogabetu egin zuen. Goenatxok 16 altzalditan zuen marka ipinita orain lau urte.

Ikusi artikulu hau Berrian

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide