Selekzioaren aldeko deialdiarekin bat egin du Kiroletako Batzordeak

urola kostako Hitza 2007ko abe. 17a, 10:12

Udalak eta Kirol Mahaiko Batzorde Eragileak autobusak antolatu dituzte, hilaren 29ko manifestaziorako

Manifestazioa bukatu ondoren Euskal Herria-Catalunya futbol partida izango da San Mamesen

Azpeitiko Udaletik jakinarazi dutenez Kiroletako Mahaiko Batzorde Eragileak bat egin du ESAIT-ek Euskal selekzioaren alde deitu duen manifestazioarekin, hilaren 29an, Bilbon. Hori dela eta, Azpeititik Bilbora joateko autobusak antolatuko dituzte.

"ESAIT-ek Udalari hainbat eskari egin dio. Hilaren 29rako laguntza emateko eta udalbatzarrean mozio bat eztabaidatzeko eskatu dizkio, besteak beste. Mozioa datorren udalbatzarrean landuko dugu, baina autobusak antolatuz ere lagunduko du Udalak", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak.

Manifestazioa hilaren 29an da Bilbon, 17:00etan. Azpeititik autobusak 16:00etan aterako dira, herriko plazatik. Manifestazioa bukatu ondoren Euskal Herria-Catalunya futbol partida izango da San Mamesen. Bi autobus antolatuko ditu Udalak: manifestazioa bukatu eta herrira itzuliko direnentzako bata; eta, bestea, futbol partida bukatu ostean herrira itzultzekoa. Izena ematerakoan zehaztu egin beharko da norberaren aukera zein den.

Autobusean izena emateko

  • Non? Kirol elkarteetan, Kiroldegian, Igerilekuan eta Etxe Zuri tabernan.
  • Noiz arte? Astelehenetik aurrera, Kiroldegian, Igerilekuan eta Etxe Zurin hilaren 27a arte. Kirol Elkarteetan 26a arte.
  • Noiz aterako da autobusa? Hilaren 29an, 16:00etan, plazatik.
  • Zenbat da? Ez dute zehaztu oraindik, baina "prezio herrikoia" izango dela zehaztu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide