Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen zozketa egiteko baldintza legal guztiak beteta daudela dio EAJk

Uztarria.eus 2007ko abe. 17a, 12:12

Zerrendan daudenek eremu horretan etxerik izango duten ala ez "lehenbailehen" jakin behar dutela adierazi dute

Larrin eta Larre industria guneak ere lehenbailehen prestatzen hastea "beharrezkoa" ikusten dute

Joan den astean IƱaki Errazkin alkateak egindako adierazpenei erantzunez eta "herrian sortu den zalantzazko egoeraren aurrean" Azpeitiko EAJk hainbat adierazpen egin ditu. Alderdi horren ustez, "Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen zozketa egiteko baldintza legal guztiak beteta daude". EAJk dio Etxebeltz-Izarran egingo dituzten 154 Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketak udan egina behar zuela eta gainontzeko 54 etxebizitzen zozketak dagoeneko prestatzen hasita.

EAJren arabera, "ez dago exekuzio proiektuaren onarpenaren zain egon beharrik. Bederatzi hilabete igaro dira zerrendak itxi zituztenetik eta zerrendan daudenek eremu horretan etxerik izango duten ala ez lehenbailehen jakin behar dute". Ildo beretik, "obrak atzeratzen" ari direla salatu dute. "Aspaldi hartu beharreko erabakiak oraindik ez dira hartu eta obrak atzeratzen ari dira. Urte erdia pasatu da udal gobernua hartu zutenetik, zeren zain daude?".

Industria-guneen garapena

Bestalde, Larre eta Larrin industria-guneak garatzeko "beharrezkoa" uste du EAJk apirilean onartu ziren Hirigintza Arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean behingoz argitaratzea. Horrez gain, dagozkien Plan Partzialak eta Hiritartze Proiektuak ere lehenbailehen onartzea "ezinbestekotzat" jo ditu. "Poligono horiek lehenbailehen prestatzea beharrezkoa da. Ez da bakarrik kanpotik etor daitezkeen inbertsioentzako, baizik eta baita bertako enpresek dituzten beharrei bertan erantzuteko ere, kanpora joan ez daitezen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide