Azpeitiko hainbat kirolari euskal selekzioaren alde

Uztarria.eus 2007ko abe. 18a, 13:12

Mikel Aranburuk, Mikel Labakak eta Kepa Peñagarikanok bat egin dute hainbat kirolariren aldarrikapenean

"Euskal Herriko kirolariak bilduko dituen federazioen beharra" aldarrikatu zuten atzo, astelehena, Donostian egindako agerraldian

Ehunen bat euskal kirolari elkartu ziren guztira atzo (astelehena) Donostian, euskal selekzioaren alde egindako agerraldian. Haien artean zeuden Azpeitiko hainbat kirolari ere: Mikel Aranburu futbolaria eta Mikel Labaka futbolaria, eta Kepa Peñagarikano pilotaria; Aimar Irigoien errezildar harri-jasotzaileak ere bat egin du aldarrikapenean. Ofizialtasunaren bidean, aurrera egin eta euskal selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan "parte hartzeko duten eskubidea" bermatu arte "indarrak areagotzeko" eskaera egin zuten.

Euskal herriko eragileei ez ezik, Espaniako eta Frantziako eragileei ere zuzendu ziren: "Euskal Herria ordezkatzeko dugun eskubidea errespetatu. Aukera eman iezaguzue. Ez diogu inori ezer kendu nahi, dagokiguna eskuratu baizik".

Hausnarketa ugariren ondorioz, "nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea" dutela eta "beraien esku dauden pausoak emateko prest" daudela adierazi zuten. Hori dela-eta, deia egin zieten euskal herritar guztiei abenduaren 29rako Bilbon Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat lelopean ESAITek antolatu duen manifestaldian parte hartzeko (17:30). Ondoren, Euskal Herria-Katalunia lagunarteko futbol partida izango da, San Mamesen. Azpeitiko ESAITek autobusak antolatu ditu hara joateko.

Aldarrikapenaren sinatzaileak

Futbola. Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Gaizka Garitano, Jon Ansotegi, Aritz Aduriz, Igor Gabilondo, Ustaritz Aldekoaotalora, Joseba Garmendia, Ander Alaña, Mikel Etxabe, Javier Gurrutxaga, Xabier Eizagirre, Jon Altuna, Markel Robles, Jon Urzelai eta Eneko Romo.
Txirrindularitza. Arantzazu Azpiroz, Leire Olaberria, Mikel Astarloza, Haimar Zubeldia, Iñigo Chaurreau, Unai Etxebarria eta Amets Txurruka.
Pilota. Aratz Mendizabal, Kepa Peñagarikano eta Ellande Alfaro.
Triatloia. Ainhoa Murua eta Itsaso Leunda.
Harri-jasotzea. Aimar Irigoien eta Iñaki Perurena.
Sega. Andoni Goikoetxea.
Arrauna. Zumaia eta Urdaibai arraun taldeak, Jose Luis Korta, Juan Mari Etxabe, Iñaki Errasti, Jon Salsamendi eta Izortz Zabala.
Eskubaloia. Ane Karrere eta Amaia Ramirez.
Igeriketa. Sara Carracelas eta Ivan Agirre.
Atletismoa. Iban Maiza eta Asier Cuevas.
Bela. Amaiur Alfaro.
Boccia. Yolanda Martin.
Piraguismoa. Jon Erguin.
Eskia. Mitxel Blanco.

Informazio gehiago: Berria egunkarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide