Azpeitiko EAJko presidentearen autoari eraso egin diote

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 3a, 14:01

Alex Etxeberriaren autoaren kristal bat puskatu eta barrura pintura bota zuten atzo (asteazkena) ezezagun batzuek; alderdiaren bileraren ondoren ohartu zen erasoaz

EAJk "ezker erradikalaren zati bati" egotzi dio ardura

Azken albisteak (19:25). Erasoa aldarrikatu dute / Udal gobernuaren oharra

Atzo (urtarrilak 2), iluntzean, Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarreko presidente Alex Etxeberriaren autoari eraso egin zioten ezezagun batzuek. Autoaren leiho bat puskatu eta pintura gorria bota zuten barrura.

Etxeberria, atzo Uri Buru Batzarraren bilera bukatu ostean, 22:50ak aldera, bere autora joan eta kopilotoaren aldeko kristala puskatuta zegoela ohartu zen.

Hamasei urte zituela afiliatu zen Etxeberria EAJ, eta duela lau urtetik da herriko alderdiaren buru.

EAJren salaketa

Azpeitiko EAJk erasoa salatu egin du, prentsa ohar baten bidez, eta "ezker erradikalaren zati bati" egotzi dio ardura, honek "behatzarekin seinalatzen" duelako eta "gezurrak" esaten dituelako. "Errazena norberaren frustrazioen edo zapuzketen errua besteei botatzea da. Zentzu honetan, egunero ikusten dugu ezker erradikalaren sektore honek bere erru eta porroten arduradun egiten gaituela". Horren "ondorioa" da, EAJren iritziz, bart "aberriaren salbatzaile hauek burutu dutena".

Horrelako erasoak "onartzen" dituena, azken batean, bera "arazo" bihurtzen dela uste du alderdi jeltzaleak, "ezer konpondu beharrean".

EAJren batzokiak erasotzen, haietako ikurrinak harrapatzen, eta alderdietako zinegotziak mehatxatzen eta erasotzen dituztenek, “herriak behar duen errespetu eta elkarbitzitza eskenatokiari ekarpen erabat suntsitzailea" egiten diote. "Jarrera horiek, mehatxuek eta eraso bortitzek ez gaituzte eskenatoki baikorretara eramaten”.

EAJk dio “Azpeitiaren eta Euskadiren alde lanean tinko” segituko duela.

EAk ere salatu egin du gertaera, "justifikaezina" dela dio, "abertzaleen aldarrikapenei ez die ekarpenik egiten", eta elkartasuna adierazi die Azpeitiko EAJren kideei.

Azken albistea (19:25). Erasoa aldarrikatu dute. Ezezagun batzuek Uztarriari 19:20ak aldera egindako telefono deian bere gain hartu dute Alex Etxeberriaren autoaren kontra egindako erasoa. "EAJ Euskal Herriari iruzur berria egiten ari zaio", esan dute batetik, eta Natividad Junko preso baten senidea "sakabanaketak hil" zuela bestetik —Unai Gonzalez presoaren amaginarreba zen Junko, eta Gonzalez Teruelgo (Espainia) kartzelara bisitatzera zihoala auto istripua izan eta abenduaren 25ean hil zen—.

Udal gobernuaren oharra (19:25). Gaur arratsaldean Azpeitiko udal gobernuak Etxeberriaren autoaren erasoari buruzko oharra bidali du Uztarriara. "Gure kezka eta elkartasuna adierazi nahi dugu", dio oharrak. EAE-ANV, EA eta Aralarrek osatzen dute udal gobernua.

"Gatazka kaleetatik atera eta modu elkarrizketatuan garatzeko eta bultzatzeko gure deia eta konpromisoa adierazi nahi dugu. Gatazka politikoari konponbidea bilatzeko ezinbestekoa da alde guztien arteko elkarrizketa. Bide horretan konponbidea eta bakearen bidean alderdien arteko mahaia momentu hauetan inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu. Beraz, alderdi eta eragile sozial eta sindikalei elkarrizketaren bidez konponbidea eta bakea lortzeko ahaleginak biderkatzeko deia egiten dugu.

Konpobiderako, guztion arteko elkarrizketak ahalbideratuko duen akordio politikoa da giltza. Akordio politikoa herritarren borondatean oinarritu behar da. Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu edozein proiektu politikoren inposaketa baztertuz.

Honela, horrelako gertaerarik gehiago eman ez dadin, dagokigun eremutik, lanean jarraituko dugu bake juxtu eta iraunkor baten bila".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide