Presoen aldeko Belodromoko ekitaldira joateko autobusak jarri dituzte

Uztarria.eus 2008ko urt. 4a, 10:01

Bihar (zapatua) izango da ekitaldia Donostian, eta Etxe Zuri aurretik irtengo dute autobusek, 16:15ean

Jare! ekimenak "askatasuna eta amnistia" eskatuko du; bertako kideetakoak dira Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Jokin Uranga eta Gorka Karapeto

Euskal presoen aldeko ekitaldia egingo dute bihar (zapatua) Donostiako Belodromoan, Jare! ekimenak antolatuta, eta Azpeitian hara joateko autobusak antolatu dituzte. 16:15ean abiatuko dira, Etxe Zuri aurretik, eta Orkatz Kultur Elkartean eman behar da izena; ekitaldia 17:30ean hasiko da.

"Askatasuna eta amnistia" eskatzeko, Euskal Herriko kultur eta kirol arloko hainbat lagunek sortu dute Jare! ekimena —haien artean dira Mikel Aranburu eta Mikel Labaka Realeko jokalariak, Jokin Uranga bertsolaria eta Gorka Karapeto eskalatzailea—, eta "preso politikoek jasaten duten egoera eta tortura" salatuko dute biharko ekitaldian.

Dantzaz, bertsoz, musikaz, txalapartaz, poesiaz eta hitzez "benetako amnistia, amnistia osoa eta egiazko askatasuna" ozen eskatuko dituztela jakinarazi dute. "Aldarria ahots ozen bihurtu nahi dugu".

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- **Iñaki Etxarte.** Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide