Gurasoen erantzuna, 'Ama baten argibideen aurrean' gutunari

Ana Alberdi, Antton Orbegozo, Maria Jesus Eizagirre eta Juan Ignacio Subinas 2008ko urt. 7a, 13:01

Joan den maiatzean hiru adin txikiko inputatu zituzten Azpeitian ustez ikaskide bati sexu erasoa egiteagatik

Abenduaren 18an, Gipuzkoako Auzitegiak, auzia artxibatu egin zuen, salaketa "behar bezala justifikatua ez" zegoela argudiatuta

Aurreko astean, ustez eraso egin zioten adin txikiko neskaren amak bidalitako gutunari erantzunez, inputatutako gazteen gurasoek idatzi hau argitaratu dute

Urtarrilaren 4ean, ostirala, eskutitz bat argitaratu zuten zenbait komunikabideetan ama baten iritzia azalduz. Guk lehenengo eta azkenengo aldiz nahiko genioke gai honi heldu eta gure iritzia zabaldu. Eskutitzean, Azpeitian hiru mutil gaztetxok neska bati eginiko ustezko erasoaren inguruan hitz egiten da. Horren aurrean, eta mutil hauen guraso bezala, emakume honi erantzun beharrean aurkitzen gara. Izan ere, hiru mutilek jasaniko akusazioak larriak badira ere, errugabeak direla frogatu da jadanik.

Eskutitzean aipatzen diren golpe eta ubelduren inguruan aipatu beharra dago, gertaera izan eta bi egunetara neskatilari azterketa mediku-forense bat egin zitzaiola. Azterketa horri esker jakin genuen neskatilak ez zuela inolako golpe eta ubeldurarik, ezta bortxaketa aztarnarik ere. Azterketak lehendik genekiena ziurtatu zigun, hiru gazteak errugabeak zirela. Horrez gain, ama honek dio, bere alaba ez zela beldurtu eta ez zuela ezer txarrik pentsatu mutikoen lokalera sartzeko gonbita egin zitzaionean, baina alabaren deklarazioak erreparatuz, lehenengo unetik derrigortua izan zela errepikatzen du behin eta berriro. Zergatik bat bateko bertsio aldaketa hau?

Eskolako zuzendaritza eta irakasleen jarrerari dagokionez, salaketa ipini zen une beretik eta inolako frogarik izan gabe, hiru mutilen aurkako neurri bereziak hartu zituztela gogorarazi nahi diogu. Ondorioz, beste ikasle guztiengandik erabat bananduak izan ziren hiru gazteak, ikasturtearekin aurrera jarraitu ahal izateko. Ez zitzaien utzi ibilaldietara joaten, ez eskolako jaialdian parte hartzen ere, egoera honek ikasturte amaiera arte iraun zuelarik.

Asko izan gara gertaera honen ondorioz mina sentitu dugunak, eta oraindik sentitzen dugunak. Ahaztezina iruditzen zaigu, lehenengo unetik, gertaera honek komunikabideetan izan duen oihua hiru gazteen aurka. Era guztietako eskutitz eta iritziak jasan behar izan ditugu, kontzentrazioak ere antolatu dituzte, esaten ari zirena benetako ote zen jakin gabe eta mutikoei ezertxo ere galdetu gabe. Aldez aurretik epaituak izan ziren, eta nola epaituak gainera, errudun gisa.

Hau gehiegizkoa da, ezin dugu isilik geratu berriro ere. Hiru mutikoen aurkako nahikoa gezur entzun ditugu eta gehiegi idatzi da beraien aurka.

Eskutitz hau azkena izango delakoaren esperantza dugu, lau gaztetxoek, (bai neskak eta baita hiru mutilek ere) normaltasun batean bizitzeko eskubidea baitute. Eurak dira zauria sendatzeko irrikaz egongo diren lehenak, eta hori litzateke komenigarriena gainera. Zauriak sendatu arren, zikatrizak hor geldituko dira betiko, lau gaztexo hauei pasa arazitako kalbarioaren testigu eta oroigarritzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide