Euskal Herriko gazte eta gazte asanbladek etxebizitza eskubidearen aldeko baterajotzeak antolatu dituzte Euskal Herri osoan. Azpeitian etxebizitza eskubidearen aldeko bertso saioa izango da ostegunean Gaztetxean. 21:00etan hasiko da emanaldia eta Xabier Silbeira, Jokin Uranga, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia eta Nekane Zinkunegi ariko dira bertsotan. Bertso saioaren aurretik, 20:00etan, pintxoak jarriko dituzte Gaztetxekoek.
Ostiralean, berriz, kontzentrazioak egingo dituzte ikastetxe eta lantegietan eta arratsaldean Zarautzen bilduko dira Urola Kostako gazteak. 20:00etan ekitaldia izango da Zarauzko plazan eta ondoren, musikarekin, kalejira egingo dute Putzuzulo gaztetxera. Han, 21:00etan, afaria egingo dute eta ondoren, 23:00etan, kontzertu sorpresak izango dira.
"Etxebizitza duin baterako sarrera ukatua"
Ekimen horiekin Euskal Herrian "etxebizitzarekin dagoen arazoa" salatuko dute gazteek: "izan ere, merkatuaren salneurriek etxebizitza duin baterako sarrera ukatzen digute". Antolatzaileek gaineratu dute "gazteak etxerik gabe" dauden bitartean, Euskal Herriko "etxebizitzen %19a hutsik" dagoela; 245.422, hain zuzen. "Sistema kapitalista honek bilakatu du eskubide hau negozio", gazteen ustez. "Oinarrizko behar bat den sabai bat ordaintzeko gure soldataren gehiengoa bideratu behar dugu eta egoera kaskarretan lan egitera behartuak gaude". Banketxeak, konstruktorak, inmobiliariak, promotorak, administrazio ezberdinak eta alderdi politikoak jo dituzte gazteek "egoeraren erantzule".
Zarautzera joateko autoak Etxe Zuri aurrean
Zarauzko mobilizazioetara joateko, 19:00etan Etxe Zuri aurretik autoak abiatuko direla jakinarazi dute Gaztetxekoek. Zarauzko Gaztetxean egingo den afarirako izen-emateko, berriz, Orkatz, Amaia eta Txarrantxa tabernetara jo beharko da.