Joseba Ibargutxi: "EBAn jokatzekotan, nahiago dut etxean gelditu eta Lan Mobel Iraurgin jokatu"

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 11a, 12:01

Joseba Ibargutxi Lan Mobel Iraurgiko jokalaria.

Lan Mobel Iraurgiko jokalaria LEB Brontzean jokatzen egon ostean, berriro ere EBA mailako Lan Mobel Iraurgira itzuli da jokatzera

Hilaren 2an hasi zen entrenatzen eta denboraldi bukaera arte egin du kontratua

Joseba Ibargutxi basea (Legazpia-Donostia, 1982) LEB Brontze mailakoTorrevieja saskibaloi taldean ibili ondoren, berriro ere EBA Ligako Lan Mobel Iraurgira itzuli da, denboraldia bukatu bitarteko kontratuarekin.

Itzuleraz eta Alacanten (Herrialde Katalanak) izandako esperientziaz jardun du 'Urola Kostako Hitza'rekin. EBA Ligako Atletiko taldetik Lan Mobel Iraurgira etorri zen 2005ean. Hemen bi denboraldi egin eta Alacantera joan zen jokatzera denboraldi honen hasieran. Orain berriro itzuli da Iraurgiren lehen taldera, hilaren 2an hasi zen entrenatzen.

Denboraldiaren hasieran Torrevieja taldera joan ziren, LEB Brontze mailan jokatzera. Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia ona izan da, baina azkenean kluba diru arazoengatik desagertu egin da. Beraz, dena ez da ona izan, arazo hori hor eduki dugulako, baina beste gauza asko ondo joan dira eta polita izan da. Azkenean gauza onekin gelditu behar da.

EBAtik LEB Brontzera salto handia al dago?

Saltoa antzematen da; handi-handia ez da, baina antzemateko modukoa. Jokalari amerikarrak fitxatu daitezke, atzerritarrak...

Torrevieja taldea bertan behera gelditu, talderik gabe gelditu, eta Iraurgira itzultzea erabaki duzu. Zergatik?

Eskaintzak banituen, baina nik beti nahiago izan dut, maila berean jokatzekotan, Iraurgi bezalako talde batean jokatzea. Etxetik gertukoa delako, lekua ezagutzen dudalako, eta ikusi dudana ikusita, oso gustura egon naizelako beti. Joan nintzenean, maila berri bat probatzeko joan nintzen. EBA mailako beste talde batzuen eskaintzak eduki ditut, baina EBAn jokatzeko, nahiago dut etxean gelditu eta Iraurgin jokatu.

EBAtik gorako jauzi hori ematea zaila al da?

Zaila bai, zaila da. Gertatzen dena da hemen inguruan maila horretako saskibaloi talde gutxi dagoela. Batzuk, ordea, edozein modutan ematen dute maila igoerako jauzi hori. Hala ere, hemengo jokalariak pentsakeraz eta baldintzak-eta eskatzeko orduan desberdinak gara.

Lan Mobel Iraurgi taldea ondo dabil, sailkapenean laugarren postuan dago. Igandean Boecilloren aurka jokatuko duzue partida. Hemendik aurrerakoa nola ikusten duzu zuk?

Igandean irabaztera joango gara, Boecillo sailkapenean behealdean baitago. Etxetik kanpo irabaztea zaila da beti, baina gure asmoa sailkapenean hiru lehenengoen artean sartzea da. Iraurgik azkena etxean jokatutako partida ikusi nuen; talde jatorra dago eta ea lortzen dugun. Askotan gora iristea errazagoa izaten da mantentzea baino. Taldea gora iritsi da eta orain ea azken pauso hori ematea lortzen dugun.

Lan Mobel Iraurgi taldea bera eta hemengo Kiroldegiko giroa ere ezagutzen duzu.

Bai, bai. Eta Azpeitiko kiroldegian sortzen den giroa izugarria da, eta horrek asko laguntzen du. Taldeko jokalari batzuk eta entrenadorea ere ezagutzen ditut.

Orain Lan Mobel Iraurgirekin denboraldi bukaera arte egin duzu kontratua, ezta?

Bai, gure kontratuak halakoxeak izaten dira, ez futbolariek bezalakoak, bost urtekoak eta. Denboraldi bukaeran ikusi egin behar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide