Aurten bigarren aldiz Zuk ere ahal duzu!! Etorri lasterka egitera emakumeei zuzendutako kirol ekimena jarri du martxan Udaleko Kiroletako Sailak. "Iaz arrakasta izan zuen eta aurten bigarren aldiz antolatzea erabaki dugu. Ekimen honen bidez aisialdian korrika egiteko ohitura bultzatu nahi da", dio Nerea Lopetegi kirol teknikariak. Ekimenaz informatzeko bilerak deitu dituzte antolatzaileek. Hilaren 17an izango dira horiek, 10:00etan eta 18:15ean, igerilekuan.
Taldean kirola egiteko aukera
Programak sei aste iraungo du eta emakumeei zuzendutakoa da: "Bertan sortzen den lagunarteak eta giro jatorrak taldean jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen du. Horretaz gain, Donostiako 5 kilometroko ibilbidea duen Lilaton lasterketan parte hartu ahal izateko gaitasuna lortzen lagunduko dute saioak gidatuko dituztenek".
Antolatzaileen esanetan, programan parte hartuta lortzen diren emaitzak onak dira: "Iaz parte hartu zuten batzuk Lilatoia bukatu zuten eta zortzi hilabete beranduago Behobia-Donostia lasterketa egin zuten, sasoi betean amaituz".
Lasterkarako saioak asteartetan eta ostegunetan izango direla iragarri dute. Bi ordutegi jarri dituzte aukeran: goizez, 10:00etatik 11:00etara; edo arratsaldez, 18:15etik 19:30era. Izena emateko hiru aukera daude: telefonoz, 943 150095 zenbakira deituta; igerilekuan; edota posta elektronikoz kirolak@azpeitia.net helbidean. Lasterkako saioak hilaren 22an hasiko dira.