"Beraientzat eskatu duten errespetua denentzako izan dadin" eskatu diote EAJko zinegotziek Udal Gobernuari

Uztarria.eus 2008ko urt. 11a, 14:01

Azpeitiko EAJ-PNVko lehendakariaren autoko kristalak puskatu eta pintura jaurti izana salatu dute

Baita Santo Tomas egunean alderdi jeltzalearen kontra jarritako pankartak eta aste honetan "tortura babesten dute" lelopean EAJko zinegotzien aurka ateratako kartelak ere

"Beraientzat eskatu zuten errespetua denentzako izan dadin" eskatu diote Azpeitiko EAJ-PNV alderdiko zinegotziek Udal Gobernuari. Azken hilabeteetan EAJ-PNV alderdiaren "kontrako hainbat eraso" salatu dituzte idatzi bidez. Alderdi horren arabera, Santo Tomas egunean plazan agertu ziren alderdi jeltzalearen kontrako pankartek "kritika politikoa gainditu egin zuten". "Pankarta kentzeko eskatu genuen baina inork ez zuen kentzeko agindua eman, eta hori ezin dugu ulertu" dio EAJk.

Ildo beretik, urtarrilaren 2an ezezagun batzuk Azpeitiko EAJ-PNVko lehendakariaren autoko kristalak puskatu eta pintura jaurti izana salatu dute. "Gertaera horren aurrean, Udal Gobernuak eskainitako kezka eta elkartasuna eskertzen ditugu baina ez zaigu nahikoa iruditzen. Elkarbizitzan eta elkarrizketan aurrera egitea aldarrikatzen badugu, ahalegin horretan, horrelako ekintzak garbi gaitzetsi behar ditugu", adierazi dute.

Horrez gain, aste honetan EAJko zinegotzien aurka ateratako kartelak salatu dituzte. "Zinegotzien argazki eta guzti" atera dituzte kartel horiek, "tortura babesten dute" lelopean. "Berriz ere publikoki irainduak sentitu gara eta agintariek ez dute ezer egin nahiz eta berriro kentzeko eskatu". EAJren hitzetan, "elkarbizitza normalizatu bat ez dugu lortuko errespeturik gabe eta agintarian betekizun garrantzitsuenetakoa horrek beharko luke izan: errespetu balorea sustatu, bermatu eta defendatzea".

"Gure proposamenak eta ideia aurrera eramateko lanean jarraituko dugu"

Bide batez, "eskerrak" eman dizkiete egun hauetan beraiengana hurbildu diren guztiei. "Herriak aukeratuak izan gara aurkeztu genituen proposamenak eta ideiak aurrera eramateko, geure ikuspegitik herri honen alde lan egiteko. Ahalegin horretan tinko jarraituko dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide