Aurtengoa "lehorra"

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 14a, 12:01

Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarra (argazkian, eskuinean) izan zen aurrena aurtengo sagardoa dastatzen, Añotan.

Sagardotegietan hasi da txotx denboraldia: Azpeitiko Añota sagardotegian herenegun zabaldu zuten

Sagardozaleak "gustura" daude aurtengo sagardoarekin

Eskualdean hasi da sagardotegietan txotx denboraldia. Azpeitiko Añota sagardotegian Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarra izan zen aurrena aurtengo sagardoa dastatzen, herenegun, txotx denboraldiaren irekieran. Irigoienek sagardoa edan ostean, Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek kantatu zuten; aurtengo sagardoa "gustuko" zutela esan zuten eta "sagardo berria harri-jasotzaile gazteak" ireki izana nabarmendu zuten.

Ondoren, banan-banan han bildutako jende multzoak edan zuen sagardoa, txotxetik. Ehun lagunetik gora bildu zen sagardotegian; batek hala zioen, "gero eta jende gehiago animatzen da sagardo irekieran parte hartzera".

Aurtengo sagardoa "lehorra" dela zioen sagardotegiko jabeak, "edan eta eztarrian arrastoa uzten duena". Iñaki Murua bertsolariari ere gustatu zitzaion Añotakoa; "polita dago, niri behintzat gustatu zait", zioen.

Afalostean, Joxe Gardoki soinujotzaileari eta Aimar Irigoien harri- jasotzaileari oroigarri bana eman zioten Añotan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide