Ilegalizazio hotsen aurrean, "independentziaren alde lanean" jarraituko duela dio EAE-ANVk

Uztarria.eus 2008ko urt. 16a, 14:01

Larunbatean EAE-ANVk deituta egin zuten herri batzarreko argazkia.

PSOEk, martxoko hauteskundeetara begira, botoak "ezker abertzalea kolpatuz" lortu nahi dituela salatu dute

"Erasoak Madriletik iritsi arren, EAJ eta Nafarroa Bairen babes osoa" jasotzen dutela adierazi dute

Legez kanporatze hotsen aurrean, "independentziaren alde lanean eta borrokan" jarraituko duela azaldu du Azpeitiko EAE-ANVk. PSOEk, martxoko Espainiako hauteskundeetara begira, botoak "ezker abertzalea kolpatuz" lortu nahi dituela salatu dute. "Hala ere, erasoak eraso, ez gaituzte isilduko. Legez kanpo utzi arren, marko demokratikoa eskuan, independentziaren alde lanean eta borrokan jarraituko dugu, gure herriak hala eskatzen duelako, hala behar duelako eta bere eskubidea delako" dio EAE-ANVk.

Martxoko hauteskundeei lotuta kokatu dute "EAE-ANVren kontrako erasoa". "Beste behin ere, ezker abertzaleari kolpe eginez irabazi nahi ditu PSOEk botoak. LupiaƱez, Portu eta Sarasola torturatuz egin duten moduan, EAE-ANV legez kanpo utzita, botoak irabazi nahi ditu PSOEk".

Ildo beretik, eta "erasoak Madrildik iritsi arren", PSOEk EAJ eta Nafarroa Bairen "babes osoa" jasotzen duela adierazi dute. "Bi alderdi horiek erabakitzeko eskubidea defendatzera omen doaz Espainiako hauteskundeetara. Non sartu ziren Igor Portu Guardia Zibilak egindako torturen ondorioz ospitalean larri zenean eta Mattin Sarasola tortura basatiak jasaten ari zen bitartean? Juan Jose Ibarretxe lehendakari jauna Madrilen, Espainiako erregearen alde topa egiten".

"Legedi antiterrorista eta inkomunikazio egoerak bertan behera uzteko borondaterik ez dute azaldu"

EAE-ANVren arabera, "sakabanaketak hamaisegarren senidea erail eta berehala, gogoz bete zuen Ertzaintzak Anoetan presoen eskubideen alde egitekoa zen ekitaldia debekatzeko Madriletik emandako agindua". Orain, tortura "ezkutatu ezinezko errealitate" bihurtu zaiela dio EAE-ANVk eta, horren aurrean, "argibideak eskatzera mugatu" direla EAJko agintariak, "baina legedi antiterrorista eta inkomunikazio egoerak bertan behera uzteko inolako borondaterik gabe".

"PSOE eta EAJren helburu politikoak ezkutatzen dira erasoen atzean"

Ezker abertzaleko kideek "eraso bortitz" horien atzean PSOE eta EAJren helburu politikoak ezkutatzen direla "argi" daukatela adierazi dute. "Baina legez kanporatze, atxiloketa, tortura, espetxeratze eta erailketa guztien gainetik, independentziaren aukera politikoa defendatzen jarraituko dugu. Gatazkaren konponbidea gauzatzeko, marko demokratikorako proposamenaren alde indarrak biltzen arituko gara, Euskal Herriak baitu hitza eta erabakia".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide