Pirena 2008 lasterketan lehiatuko da Andoni Azpillaga

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 19a, 11:01

Igande honetan ekingo dio 400 kilometroko zeharkaldiari

Lehendabiziko aldiz hartuko du parte txalur-lera lasterketa ikusgarrian

Andoni Azpillaga Pirena 2008 mushing probaren XVIII. aldian lehiatuko da, bihartik (igandea) aurrera. Azpeitiarrak lehendabiziko aldiz hartuko du parte txalur-lera lasterketa ikusgarrian.

Zaragozan (Espainia) aurkeztuko dituzte gaur musher-ak, zakurrak, lerak eta gainerakoak, eta bihar hasiko da lehia, Tena ibarreko La Partacua eski estazioan.

Munduko Kopako lasterketa da Pirena, eta bi astean Pirinioetako bazter ezagunak zeharkatuko ditu; 400 kilometro, guztira. Dozena bat herrialdetako musher-ak eta eskiatzaileak ariko dira lehian. Zakurrak, berriz, 600tik gora.

Ametsaren atzetik

Andoni Azpillagak ametsa egia bihurtu du. Musher edo txakur-leren gidaria da ogibidez eta lasterketa askotan trebatu bada ere, lehen aldia du aurtengoa Pirenan.

"Musher askok desio duten aukera dut nik aurten", adierazi du kirolari azpeitiarrak. VitalDent konpainia babesle izango du Azpillagak, eta musher-aren zerbitzura zakur talde lehiakorra eta punta-puntako materiala jarri dute. Konpainia buru-belarri sartu da mushing munduan, eta Pirinioetako Montgarri herrian kirola ardatz duen aisialdi gunea irekitzeko asmoa azaldu dute konpainiako ordezkariak.

Sei euskal lera gidari

Azpillagarekin batera, beste bost euskal musher edo lera gidari izango dira Pirinioetako zeharkaldian: Iker Ozkoidi, Jesus Raigoso, Javier Romero, Alonso de la Torre eta Iban Uriondo.

Batzuek garaipena nahi dute, beste batzuek bost aurrenekoen artean sartzea, eta bada bukatzearekin gustura legokeenik ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide