Herriko ikastetxeetan ere sansebastianak ospatu dituzte, jolastokietan danborradak eginez. Herrian egin ohi den jai handiari aurre hartu diete ikasleek. Danborrada egiten aurrenak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoak izan ziren. Perdilegin eta Euskal Herria kaleko eraikinetako jolastokietan ibili ziren danborra joaz.
Gero, 16:00etan, Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek ekin zioten beren danborradari. Txiki-txikienek zuzendu zuten Haur Hezkuntza eta Lehen Hezuntzakoen danbor festa.
Iraurgi ikastetxeko ikasle gazteenak Betharramdarretako jolastokian bildu ziren eta hantxe egin zuten danborrada, 16:00etan hasita.
Bihar, txikiak kalera
Herriko San Sebastian jaietan bihar da txikien danborradaren txanda. 11 talde aterako dira; hamar danbor-jotzaileenak eta, bestea, danborradaren hasierako gastadoreena. Atzetik, berriz, ohi bezala karroza joango da. Azken urteetan ohi bezala, aurten ere Saioa Imazek diseinatutakoa da.