Euskal Ligan jokatzeko Iraurgi Saskibaloi Elkarteko hiru talde sailkatu dira

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 24a, 11:01

EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeak Ponferradari irabazi dio eta seigarren dago sailkapenean

Partiduaren bukaera "ez ahazteko moduko horietakoa" izan zela diote saskibaloiko zaleek

Joan den asteburuan lortutako emaitzei esker, Iraurgi Saskibaloi Elkarteko hiru taldek Euskal Ligan jokatuko dute. "Jokatutako partiden emaitzak ez ziren batere kaskarrak izan eta gertatu beharrekoa gertatu zen: Euskal Ligarako hirukoitz historikoa lortu du Iraurgik. Euskadiko sei talde onenen artean hiru talde ditugu", diote saskibaloi elkartekoek.

Saskibaloi "jaialdia" joan den larunbatean jokatu zuten. Goiztiarrenak, Kadete mailako Caldereria Zaher taldeko mutilak izan ziren. Ez zen norgehiagoka erraza izan Arrasatekoen aurka jokatutako partida. "Dena oso ilun ikusten zen, baina bukaeran partidari sinestezinezko bira eman zioten eta Euskal Ligan jokatzeko sailkatu ziren ". Zaherrek Arrasateri 72-62 irabazi zion.

Lan errazagoa juniorrena

Junior mailako Izarraitz Inmobiliariako neskek lan errazagoa zuten egiteko Atletiko San Sebastianen kontra. Donostian lortutako abantailari eustearekin nahikoa zuten. "Bai ondo egin ere, 59-49 irabazi zuten partida. Kanporaketa 21 puntuko aldearekin bukatu zuten eta hauek ere Euskal Liga jokatuko dute".

Euskal Liga jokatzea lortu duen Iraurgiko hirugarren taldea Junior mutilen mailako Lasao altzariak izan da. "Talde honek, Easo Aren aurkako joaneko partidan lotutako 13 puntuko abantaila zuen bere alde". Partidaren abantailari heldu zioten Iraurgiko mutilek eta "gutxieneko" 63-64 egin zuten. "Baina garaipenak alde handiagorekin behar bazuen lortuko zuen Lasaok", diote Iraurgikoek.

EBAkoen partida "izugarria"

Asteburuko jardunari bukaera EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldearen partidak eman zion. Etxean, Ponferradaren aurka jokatu zuen lehen taldeak. Saskibaloi elkartekoen esanetan, "partida izugarria " izan zen. "Izugarria", ordea, partida "kaskarra" izan zelako: "Ez genuen partida irabazterik merezi; benetan merezi izan zuena bukaera izan zen".

Ponferradaren aurka jokatutako partidaren bukaera "ez ahazteko moduko horietakoa" dela diote saskibaloiko zaleek: "Urteak pasatu arren, ahazten ez diren gertaera horietakoa izan zen larunbatekoa. Saskibaloia hain erakargarri horrelako gertaerek egiten dute". Partida bukatzeko bost segundo falta zirenean sei puntugatik galtzen ari ziren Lan Mobelekoak, eta "ikusleak Kiroldegitik irteten hasiak ziren ordurako. Une horretantxe hiruko bat sartu genuen. Aurkakoek saski azpiko lerrotik atera behar zuten eta 1,5 segungo falta ziren. Orduan baloia kendu genien eta beste hiruko bat sartzeko saiakeran gure jokalarietako bati falta egin zioten. Denbora bukatuta, baina hiru jaurtiketa libre egiteko aukerarekin.Luzapena nahi bazen sartu beharra zegoen". Txus Mateok hiru jaurtiketetan baloia saskiratzea lortu zuen.

"Luzapena ez zen denbora pasakoa izan, baina argi zegoen partidak ezin zigula eskuetatik ihes egin". Azkenean Lan Mobel Iraurgik 90-87 emaitzarekin irabazi egin zuen Ponferradaren aurka.

Bigarrengotik bi puntura

Larunbatean lortutako garaipenari esker sailkapenean toki onean dago Lan Mobel Iraurgi. Seigarren dago, bigarren sailkatuta dagoen Santurtzirekin bi puntuko aldea du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide