Udalak herrian antzerkia sustatu nahi du eta horretan lanean ari da, "buru-belarri". "Genero honek herrian urtean zehar presentzia gehiago izatea da Udalaren helburua". Hori dela eta, antzerki ikastaroa antolatu dute.
Azkenengo Euskal Antzerki Topaketak aurkeztu zituztenean, urte guztian zehar antzerkiarekin lotutako ekimenak antolatzeko asmoa azaldu zuten Udaleko kultura arduradunek. Lehen ekimena ikastaroa antolatzea izan da.
Ikastaroan izena emateko epea datorren astean zabalduko du Udalak, eta otsailaren 15a arte zabalik egongo da, "izena 16 urtetik gorako edozeinek eman dezake". Horretarako, Udaleko Kultur sailera deitu(943157200) edota e-postaz kultura@azpeitia.net helbidera zuzendu beharko da. Ikastaroa oso-osorik Udalak finantzatuko du, eta saioen ordutegia eta iraupena partaideek erabakiko dute.