Palha ganadutegiko larre-behiak aztergai izango dira Azpeitiko zezen-plazan

Uztarria.eus 2008ko urt. 25a, 15:01

Martxoaren 15ean egingo dute jaialdia

Urtebete eta urte eta erdiko behi hezigabeak ekarriko dituzte eta hazitarako utzi edo ez aztertuko dute

Palha ganadutegiko (Portugal) larre-behiak aztergai izango dira martxoaren 15ean Azpeitiko zezen-plazan egingo duten jaialdian. Azpeitiko Zezenzale Batzordea da ekimenaren antolatzailea eta azaldu dutenez, "lehenengo aldia da herrian gisa honetako ekimena abian jartzen dela".

Urtebete eta urte eta erdi inguruko behi hezigabeak ekarriko dituzte zezen-plazara. Ganaduzaleek hainbat proba egingo dizkiete behi horiei: zaldiari zein modutan erasotzen dion edota kapoteari nola jarraitzen dion, esaterako. Behiak froga horiei nola erantzuten dion ikusi ondoren, hazitarako gordeko da edo urte batzuk pasa ondoren, hiltegira eramango dute. "Oso garrantzitsua izan ohi da azterketa hau ganaduzaleentzako", adierazi du Jabier Beobide Zenzezaleen Batzordeko kideak. "Normalean ganaduzaleek euren finketan egiten dituzte azterketa hauek baina kasu honetan zezen-plazara ekarriko dugu ekimena".

Toreatzaileak ere protagonista

Larre-behiak zirikatuko dituzten toreatzaileak ere protagonista izango dira jaialdian. Izan ere, sona handiko toreatzaileak etorriko dira: Diego Urdiales errioxar gaztea, batetik, eta Victor Mendes portugaldarra, bestetik. "Mendes erretiratuta dago, gaur egun, baina oso maitea izan da Azpeitian eta bera ere ilusioz etorriko da gurera" dio Beobidek.

Sarrerak prezio "egokian"

Beobidek azaldu duenez, prezio "egokietan" jarriko dituzte jaialdirako sarrerak salgai. "Ea horrela gazteak ere zezen-plazara hurbiltzea lortzen dugun" dio. "Baliteke zezenketak gustuko ez dituztenentzako jaialdi hau gustukoa izatea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide