Otsailaren 20an bost urte beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuenetik. 2003ko otsailaren 20an abiatutako zentzugabekeriaren ondorioz, 12 lagun epaiketa zain daude, neurri gabeko zigor eskaerekin: guztira 279 urteko kartzela zigorra eta 235 milioiko isuna.
Epaiketarako egunik ez dago oraindik, baina Egunkaria-ren itxierari buruzko bi sumarioetako hamabi auzipetuak epaigelarako bidean dira jada. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubeltzu eta Fernando Furundarena epaituko dituzte, euskarazko egunkariaren alde egindako lanagatik. Egunkaria-ko langile ohiek elkartasuna adierazi nahi diegu zentzugabekeria horren ondorioz neurri gabeko zigorrak jasotzeko arriskuan dauden auzipetuei.
Horiekin batera, 1990. urtean sortu zenetik Egunkaria-n lan egin genuen ehunka lagunak ere epaituko gaituzte. Eta argi eta garbi utzi nahi dugu, ez hamabi auzipetuek eta ez urteetan Egunkaria-n lanean jardun genuenok ez dugula inolako deliturik egin. Ezinezkoa zirudien garai hartan, era guztietako oztopoak gaindituz, euskarazko egunkari bat sortu eta bultzatzea izan zen gure delitu bakarra. Ondorioz, Egunkaria-ko auzipetuen kontrako epaiketarik ez egiteko eskatzen dugu.
Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko justiziarekin ez dugu batere konfiantzarik; berriki emandako epaiek, Egin egunkariaren itxiera kasu, egoerarik okerrenean kokatzen gaituzte. Horregatik dei egin nahi diogu euskal gizarteari babes ditzan Egunkaria kasuko auzipetuak eta salatu ditzan euskararen eta adierazpen askatasunaren kontrako era guztietako erasoak.
Amaitzeko, Egunkariaren Alde Elkarteak antolatuta otsailaren 20aren harira egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.
Egunkaria-ko langile ohien batzarra
Andoain, 2008ko otsailaren 9an
--
Egunkaria: erantzuna Azpeitian (Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburua)
Euskalgintzaren eta Egunkariaren babes taldearen adierazpenak