Udalak Euskararen Plan Estrategikoa eta 2008ko Kudeaketa Plana onartu ditu

Uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 9a, 14:02

Aurten Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatzea erabaki du

EAJ abstenitu egin da Kudeaketa Planari buruzko bozketan, eta onartu egin du Plan Estrategikoa, "aurrekoaren helburu berak dituelako"

Udalak aho batez onartu zuen osteguneko udalbatzarrean datozen lau urteetako Euskararen Plan Estrategikoa. 2008ko Kudeaketa Planari, berriz, udal gobernuak (EAE-ANV, EB, Aralar) baiezkoa eman zion eta EAJ abstenitu egin zen.

Arantxa Isart (EAE-EAE) Udal Euskara batzordeburuak azaldu zuenez, "datozen lau urterako EBPNren Plan Estrategikoa Batzordean denon artean adostutakoa izan da eta aurreko planetik ez dauka aldaketa handirik". Hala, Ana Mendizabal EAJko zinegotziak "zorionak" eman zituen: "Aurreko agintaldiko plan estrategikoaren bera da oraingo hau, helburu berberekin, eta esan beharra dago aurrekoak bere fruituak eman dituela".

Ziurtagiriari dagokionez, Udalak, EAE-EAE, EA eta Aralarren botoekin, 2008rako Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatzea erabaki eta diru kopuru bat bideratuko du. Aldaketa hori EBPNren Euskara Batzordean onartuta gelditu zen lehengo astean.

Horrekin ez dago EAJ. "Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Bikain ziurtagiria udal honek ere sustatzea nahi genuen guk. Herriko UEMErekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin hitzarmena egin eta hori lortzeko Udalak laguntza teknikoa ematea zen guk eskatzen genuena. Gainera, Bikain ziurtagiria doan da eta erakunde publikoa garen heinean hori bultzatzea dagokigu", zioen Mendizabalek.

Bai Euskarari Ziurtagiriak Euskal Herriko herrialde guztietarako balio duela eta egokiena hori dela uste dute Udaleko gainontzeko alderdiek.

Orain arte merkataritza arloa Siadeco enpresak eraman du eta orain zerbitzu horren eskaintza zabaldu egingo du Udalak, lehiaketa bidez. EAJk enpresa arloan ere lehiaketa zabaltzea eskatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide