Gaur, azpeitiko ezker abertzaleko zinegotziek duten "ardura politikoaz jabetuta", konponbide eta bake justu baten alde, "Azpeitiaren alde eta Azpeitia berri baten alde" lanean jarraituko dutela adierazi dute prentsaurrean. "Astakerien gainetik ez gaituzte geldituko", azaldu dute. Aste honetan deitutako greban eta mobilizazioetan parte hartzera ere deitu dute.
"Euskal Herrian ez ditugu garai ederrak bizi. Errezeta zaharrak ditugu berriro ere Euskal Herriarentzat", azaldu dute. "Errepresioa eta errepresioa" ematen dela diote: "Gazteen aurkako sarekadak; lan politikoa egiteagatik 120 lagun kartzeleratuta; tortura basatiak; Ertzantzaren karga basatiak; sakabanaketak erahildakoak. Eta azkenik EAE-ANV eta EHAKren jardueren etetea eta hauteskunde espainiarretan egoteko debekua".
Ezker abertzalekoen esanetan, "azken gertaera eta erabakiekin, herri honen independentzia nahia zapuztu nahi dute. Joan berri zaigun prozesuan ere, garbia da non blokeatu zen. Ezker abertzalearen asimilazioa bilatzen zuten, Espainiako sareetan lotu nahi izan gintuzten. Independentziaren aukera, gauzatu zitekeen aukera bezala ez zuten ikusi ere egin nahi. Eta ezker abertzalea ez zen tranpan erori. Horren aurrean, proiektu politiko guztiak demokratikoki aurrera eramaterik ez badago, independentzia kasu, ze bide gelditzen zaigu herri honen askatasunean amesten dugunoi?". Estatu espainiarrak "proiektu independentista bultzatu nahi dutenak suntsitu nahi ditu", ezker abertzelekoen ustez, "horretan ari dira PSOE eta PP".
Baina EAJk hartutako bidea ere "oso kezkagarria" dela diote. "Gure ilegalizazioarengatik protesta egitera irten eta Ertzaintza gure aurrean, egurra ematen, Espainiako aginduak betetzen". "Alderdiko interesak herri interesen gainetik" jartzen dituela egotzi diote EAJri.
"Herriak hartu behar du hitza"
Zinegotzien ustez, "herriak hartu behar du hitza. Aski da esateko ordua iritsi da. Bestela zein izango da hurrengo urratsa, ezker abertzalea Udaletik kanporatzea? Denok kartzelaratzea? Ozen esan behar diegu hemen herri bat dagoela, libre izan nahi duela eta bere etorkizuna libre eta modu baketsuan erabaki nahi duela. Izan ere gaurko borrokak irekiko dizkigu etorkizuneko ateak, independentziaren ateak hain zuzen ere".
Lehen ere Habea baliogabetu egin zutela, baina ezker abertzaleak "bere bidea egiten jarraitu duela" esan dute, "ezingo litzateke ulertu orain alkatetzan egotea aurreko urteetan eta Habeak eginiko lana aintzat hartu gabe".
Greba deialdiak
Ezker abertzaleak greba orokorra deitu du otsailaren 14an "Euskal Herriaren eskubideean alde" eta mobilizazioak antolatu ditu eguerdiko 12:00ak eta arratsaldeko 19:00etarako.