Aralarrek Espainiako hauteskundeetarako kanpaina aurkeztu du Azpeitian

Uztarria.eus 2008ko ots. 12a, 13:02

Juan Karlos Arellano, Aser Lertxundi eta Miren Garmendia, agerraldian.

Duela lau urteko bozetan Azpeitian 450 boto lortu zituen

"Madrilera, hemen Euskal Herria izeneko herri bat bizirik dagoela ozen eta argi esatera goaz", diote

Atzo (otsailak 11, astelehena) aurkeztu zuen Azpeitian Aralar alderdiak Espainiako hauteskundeetarako prestatu duen kanpaina —martxoaren 9an izango dira Kongresuko eta Senatuko bozak—. Azpeitiko zinegotzi Juan Karlos Arellanok, Senaturako zerrendaburu Aser Lertxundik eta Miren Garmendia Azpeitiko Aralarreko kideak egin zuten agerraldia, Sindikatu Zaharrean.

Lertxundiren arabera, "Madrilera, hemen Euskal Herria izeneko herri bat bizirik dagoela ozen eta argi esatera goaz". Ildo beretik, Euskal Herriko "instituzio guztiak, bai Senatuan eta baita Kongresuan ere, ordezkatuak" izan daitezen nahi dute.

Aralar 2004an aurkeztu zen lehen aldiz Espainiako hauteskundeetara, eta Azpeitian 450 boto lortu zituen. 2007ko udal hauteskundeetan, 404.

Errepublikaren alde

Aralarren ildo nagusiak, "Euskal Herriaren independentzia, euskararen ofizialtasuna, langileen eskubideen defentsa, abortu eskubidea eta duintasunez hiltzeko eskubidea" dira, besteak beste. "Politika egiteko molde berri batekin goaz Madrilera", dio Lertxundik. "Ideia eta mezu berritzaileen bidez, errepublikaren alde egingo dugu, monarkiaren kontra posizioa hartuta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide