EAE-ANVren jardun politikoa eten izana "larritzat" jo du udalbatzak

Uztarria.eus 2008ko ots. 13a, 12:02

Atzoko ezohiko udalbatzarrera herritar ugari joan zen.

Atzo, asteartea, egin zuten ezohiko batzarra udaletxean eta aho batez onartu zuten mozioa

Gaur 19:30ean plazan egingo den kontzentraziora deitu dituzte herritarrak

Aho batez onartu zuten EAE-ANVren jardun politikoa etetea gaitzesteko mozioa atzo (otsailak 12, asteartea) egin zuten ezohiko udalbatzarrean. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hiru urterako alderdi horren —eta EHAKren— jarduera politikoa etetea ebatzi zuen otsailaren 8an, eta erabakia "larritzat" jo zuten udalbatzarra osatzen duten alderdietako kideek atzo. Hain zuzen, EAE-ANVko kidea da Azpeitiko alkatea —Iñaki Errazkin—; EAk, Aralarrek eta hirurek osatzen dute udal gobernua.

Udal gobernuak aurkeztutako mozioan, besteak beste, EAE-ANV indar politikoaren jarduera eten izana, Euskal Herriaren eskubideen aurkako "eraso bortiztzat" jo zuten. Ildo beretik, "herri sektore zabala kriminalizatu" nahi izana salatu zuten. "Udal honek herri borondatea du oinarri eta, beraz, udalerri honetako biztanleriaren herri borondatea errespetatua izan dadila exijitzen dugu". EAE-ANV udal taldeko kideei "babesa eskaini" eta alderdi horrek bere lana egin ahal izateko Udalak eskura dituen "baliabide guztiak" jarriko dituela azaldu zuten.

Gatazka politikoari konponbidea bilatzeko "ezinbestekoa" dela uste dute "alde guztien arteko elkarrizketa", eta dei egiten diete alderdi eta eragile sozial eta sindikal guztiei elkarrizketaren bidez, "konponbidea eta bakea lortzeko ahaleginak biderkatu" ditzaten. Horrekin batera, "proiektu politiko guztien bideragarritasuna" aldarrikatu du Udalak, "independentzia barne". "Hortik eta Euskal Herri osoko herritarrek proiektu guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen marko demokratiko bat eraikitzetik etorriko da gatazkari konponbidea emateko bidea".

Udalak EAE-ANV alderdiaren jarduera politikoaren eteteari aurre egiteko kontzentrazio batera dei egin die herritarrei. Ideiak ezin dira ilegalizatu lelopean, gaur, asteazkena, 19:30ean egingo dute elkarretaratzea plazan.

EAJren zehaztapenak

Udalbatzarra osatzen duten alderdietako kideek aho batez onartu zuten udal gobernuak aurkeztutako mozioa. Dena dela, EAJk —oposizioko talde bakarra da—, Julian Eizmendiren bitartez, zenbait "zehaztapen" egin nahi izan zizkion mozioaren testuinguruari. Horien arabera, EAJ "egoeraren erantzule bezala azaldu da" eta hori "onartezina" iritzi diote. Eizmendiren ustez, "erantzukizuna beti besteari leporatzea izaten da errazena".

Bestetik, Udalak azken gertaeren aurrean izandako jarrera gaitzetsi zuen EAJk. "Udalak oraingoan posizioa hartu duen bezala, azken bi hilabete hauetan gertatutako giza eskubide urraketen aurrean —tartean bizitzarena—, ez du posiziorik hartu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide