Eibarri 4-0 irabazita, igoerako postuetan da Lagun Onak

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 19a, 10:02

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak taldea ondo ari da eta sailkapenean laugarren dago

Denboraldia bukatzeko hamahiru partida falta dira; datorren astean Beasainen kontra jokatuko dute

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldea denboraldi paregabea egiten ari da. Larunbatean Eibar B taldeari 4-0 irabazi zion eta igoerako postuetan dago sailkapenean; 44 punturekin laugarrena da. "Lehen hiru postuetarako lau talde daude berdinduta", dio Juan Ramon Olalde Kinttela-k, Lagun Onak-en lehen taldearen arduradun teknikoak. Portugalete (bigarren), Zamudio (hirugarren), Lagun Onak (laugarren) eta Gernika (bosgarren), laurek 44 puntu dituzte.

Azpeitiko futbol taldearen arduradunak gustura daude aurten lehen taldea egiten ari den denboraldiarekin. "Ez dakit noiz arte izango den, baina ondo dabil taldea. Jokalarien lanaz gainera prestatzaileen lanaren fruitua da. Aitor Zulaika entrenatzailea eta haren laguntzailea egiten ari diren lana garrantzitsua da. Emaitza hortxe dago: taldea indartsu dago". Zulaika entrenatzaile azpeitiarrak bosgarren urtea du futboleko lehen taldean: "Urteetan ari da herriko taldearekin lanean eta badaki klubaren filosofia zein den; taldea ezagutu egiten du", dio Olaldek. Taldean jokalari "inportanteak" direnak ere jarraitu egiten dutela dio: "Urteetan Lagun Onak-en dabiltzanek jokatzen jarraitzen dute. Hor daude, besteak beste, Tena, Aranburu, Saizar... Bestetik, herriko jokalari gazteak ere jokatzen hasi dira aurreneko taldean eta lanean oso ondo ari dira; horien ekarpena garrantzitsua da".

Lagun Onak-en helburua herriko jokalariekin jokatu eta Hirugarren Mailak eskatzen duen "maila" ematea da. "Beharra dagoenean ekartzen ditugu kanpoko jokalariak", dio arduradun teknikoak. Lehen taldeko 18 jokalari azpeitiarrak dira eta beste bi eskualdekoak.

Hurrengo aurkaria Beasain

Denboraldia bukatzeko hamahiru partida falta direnean 44 puntu dituzte. "Aurreko denboraldian 42 puntu lortu genituen eta mailari eutsi genion". Puntuak lortuz orain artekoa bezalako denboraldia egiten segitzea da helburua. Datorren asteburuan Beasainen kontra jokatuko dute. "Beasainek gure aldean beste helburu, asmo eta aurrekontu batzuk izan ditu beti. Gu egiten ari garen denboraldia Beasainek egingo balu, beste oihartzun bat izango luke, hori zalantzarik gabe. Hori horrela da, beraien helburua beste bat delako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide