Greba egunean Ertzaintzak atxilotu zuen herritarrari ehun euroko isuna jarri dio epaileak

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 19a, 17:02

Lagun talde bat gaur, Azpeitian, epaiketa salatzen.

Gaur (asteartea) egin diote epaiketa, Azpeitian, eta epaileak "falta" egin zuela esan du, ez "delitua"

Grebari buruzko informazioa banatzen hari zela atzeman zuten, Sanjuandegi auzoan

Joan den ostegunean ezker abertzaleak deitutako greba egunean, goizean Ertzaintzak herritar bat atxilotu zuen Sanjuandegi auzoan, grebari buruzko informazioa banatzen ari zela, eta gaur (asteartea) egin diote epaiketa azkarra, Azpeitiko Epaitegian. Epaileak ehun euroko isuna jarri dio.

Ostegunean ertzainek bi orduz atxilotuta eduki zuten herritar hura, Azkoitian, eta, aske utzi zutenean, gaur epaitegira deklaratzera joateko agiria eman zioten.

Ertzaintzak "delitua" egin izana egotzi nahi zion, baina abokatuak herritar horrek egindakoa "falta" dela argudiatu du gaur. Epaileak ere esan du "falta" dela, eta ehun euroko isuna jarri dio. Ertzainik ez da azaldu deklaraziora.

Epaiketa egiten ari ziren bitartean, hori salatzeko lagun talde batek epaitegiaren atarian elkarretaratzea egin du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide