Mendiko maratoi erdia antolatu dute Azpeitian, eta maiatzaren 11n izango da

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 20a, 10:02

Azpeititik Xoxoterako bidetik izango da mendiko erdi maratoia.

Azkoitiko mendi lasterketarekin txandatuz, bi urtean behin antolatuko dute

.21-22 kilometroko mendi lasterketa izango da

Maiatzaren 11rako mendiko maratoi erdia antolatu dute Azpeitian; Aizkorriko mendi lasterketa baino bi aste lehenago. Lasterkaren ibilbidea Izarraitz mendikatetik barrena izango da. 21-22 kilometro inguruko luzera eta 2.600-2.700 metroko desnibela izango ditu. Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu du.

Era honetako mendiko lehiaketek harrera ona dute gaur egun kirolzaleen artean, eta horixe izan da lasterketa antolatzeko arrazoietako bat. Hala dio IƱigo Orbegozok, antolatzaileetako batek: "Batetik, mendiko lasterketak modan daude eta, bestetik, Azkoitiko mendiko lasterketa aurten ez dute antolatuko, Zazpi Kurutze mendi ibilaldia [ekainaren 8an] izango delako". Mendiko erdi maratoia bi urtetik behin antolatuko dute Azpeitian, Ibilaldi Neurtuarekin txandakatuz: "Azkoitian ere bi urtetik behin antolatzen dute, Zazpi Kurutzerekin txandatuz, eta guk ere bi urtean behin egiteko asmoa dugu. Beraz, urte batean Azpeitian izango da eta hurrengoan, berriz, Azkoitian", kontatzen du Orbegozok. Lasterketaren izena ere erabakita dute, Izarraitzko Mendi Lasterketa izango da.

.350 korrikalari

Parte-hartzaile kopuruaren muga bat ere ipini dute antolatzaileek: "350 izango da parte-hartzaile kopuruaren muga". Lasterketa baino hilabete aurretik-edo hasiko dira izenak hartzen. "Lasterketa antolatzen lagunduko dutenen erantzunaren zain gaude. Gero lehiaketa iragarriko duen kartela-eta egin eta hilabete bat lehenago izena emateko epea zabalduko dugu". Horretarako Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunea egokituko dute: "Izena internetez eman beharko da eta horretarako gure webgunea egokitu egingo dugu".

Izarraitzetik barrena

Azpeitiko mendiko erdi maratoiaren ibilbidea erabakita daukate, eta 21-22 kilometrokoa izango da. Azpeitiko alde zaharrean hasiko da, buelta txiki bat eman eta Iturri Txikiko eskaileratik gora, Santutxotik, Komuntzora eta Xoxotera igo beharko dute lasterkariek. Aterpearen ondotik pasatu, pistara jaitsi, eta gero Kakuteko tontorrera igo beharko dute.

Izarraitzeko hirugarren tontorra ere igo beharko dute, Kakutetik jaitsi Izkitturrira eta handik Erlo igoko baitute. Erlotik Zestoarako bidea hartu, Ondarbaso baino pixka bat gorago hartu eta Orandatik, Haitzbakarretik barrena, Madalena auzora jaitsiko dira kirolariak; gero, Erdi kaletik gora herriko plazara, lasterketaren helmugara helduz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide