Udalak eta Kontseiluak euskara akordioa sinatuko dute ostiralean

Uztarria.eus 2008ko mar. 5a, 14:03

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Bai Euskarari Akordioa uztartuko dituzte, duela lau urte bezala

Udalak eta Uztarriak Komunikazio hitzarmena ere izenpetuko dute

Azpeitian ostiral honetatik aurrera berriz ere euskararen normalizazioko bi planak bat eginda egongo dira: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta Bai Euskarari Akordioa. Izan ere, Udalak eta Kontseiluak hitzarmena sinatuko dute orduan.

Akordioa aurretik Euskararen Aholku Batzordetik eta Udal Euskara Batzordetik pasatu da, eta onartu egin dute bietan. Bihar (osteguna) udalbatzarra egingo dute, eta hantxe onartuko du Udalak ofizialki hitzarmena. Urtebetekoa izango da, luzatzeko aukerarekin.

Udalak 2001eko abenduan jarri zuen abian EBPN, eta Baite Euskara Elkarteak eta Kontseiluak 2003ko uztailean Bai Euskarari (2003ko azaroan Uztarria Kultur Koordinakundeak eta Baitek bat egin zuten).

.2004ko martxoan EBPN eta Bai Euskarari uztartu egin zituzten Udalak eta Uztarria-Kontseiluak, baina akordioa eten egin zuten 2005eko urtarrilean, desadostasunak medio.

Harrezkero Uztarriak bi planak bat egitearen garrantzia azpimarratu du behin eta berriro, eta gaia Euskararen Aholku Batzordera eraman izan du.

Komunikazio arloan 2008-2011ko hitzarmena

Udalak eta Uztarriak 2008-2011ko Komunikazio hitzarmena ere sinatuko dute ostiralean, gaia bihar udalbatzarretik pasatu ondoren.

Biek aurreneko Komunikazio akordioa 2000an egin zuten eta 2004an bigarrena. Bietan, legealdikoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide