Atzo (martxoak 10, astelehena) aurkeztu zuten larunbatean, hilak 15, egingo den IX. Ikasberri Rallysprint-a Sindikatu Zaharrean. Oraindik izen-emateko epea zabalik dagoen arren, dagoeneko 50 pilotuk izena eman dute auto lasterketan. Horien artean, herriko auto gidarien parte-hartzea azpimarratzekoa izango da oraingoan ere. Herriko zazpi gidarik parte hartuko dute: Joxe Labaka, Iñaki Alberdi, Aitor Lazkano, Jon Arregi, Andoni Oruezabal, Xuban Uzkudun eta Aritz Elgarresta.
Antolatzaileen arabera, Apalantza aita-semeak, Artetxe eta Lujua dira karrera irabazteko faborito. Gorka eta Aitzol Apalantza anai errezildarrak nagusitasunez aritu ziren Gabiriko proban euren Subaru Impreza WRC-arekin. Gero, ordea, arazo mekanikoak tarteko ez zuten lasterketa bukatzerik izan. Ramon Apalantzak Nekane Urkola izango du kopiloto eta Mitsubishi WRC-arekin aterako dira. Bestalde, Iñaki Alberdiren kasuan, baliteke gidari azpeitiarrak Porsche GT3-arekin korritzea. Zirkuituko kotxea da eta rally-etarako prestatzeko piezen zain dago Alberdi. Bestela, Ford Escort MK-II-arekin aterako da.
Irteera 15:00retan
Larunbat goizeko 10:00etan egingo dituzte autoen berifikazio administratibo eta teknikoak Garoa kafetegian eta epaitegi aurreko aparkalekuan. 14:15etik aurrera, minutu bateko tartearekin abiatuko dira irteera aldera, Errezilgo bidegurutzera. Han, 15:00retan emango zaio hasiera lehenengo txandari. Gero, 16:30ak aldera hasiko bigarrengo txanda eta hirugarrena, berriz, 17:50eak aldera izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Lasterketa ikusi ahal izateko 8 euro ordaindu beharko dira, eta diru hori Ikastolarentzat diru laguntza izango da.
Segurtasunaren eta inguruaren alde hainbat ohar
Ikasberri kirol elkartearen izenean hainbat ohar izendatu zituzten lasterketa guztian segurtasuna bermatzeko. Antolatzaileek beharrezkoa irizten diote postuetan egongo diren arduradunen azalpenei kasu egitea. "Bestalde, ibilbidean zehar, hainbat tramu arriskutsu egongo dira seinalizatuta eta, mesedez, han ez sartu" azaldu dute.
Ingurua zaintzeko "ahalegin berezia" egingo dutela adierazi dute. Horretarako, sarreretan zaleei zakarrak jasotzeko poltsak banatuko dizkiete eta ibilbidean zehar zabor ontziak jarriko dituzte proba bukatzen denean poltsak hara botatzeko.