Lagun Onaken denboraldiko lehen txirrindulari lasterketa igandean korrituko da

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 12a, 18:03

Goiko argazkian, Kadeteetako Corrugados taldeko txirrindulariak. Beheko argazkian, Jubeniletako Lan Mobel taldeko txirrindulariak.

Aurtengo denboraldian bi talde ariko dira lehian Jubeniletan Lan Mobel eta Kadeteetan Corrugados

Lau proba antolatu dituzte denboraldirako. Aurrenengo lasterketa, Jubenilen San Jose Sari Nagusia, igandean izango da 16:00etan.

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak Jubenilen (Lan Mobel) eta Kadeteen mailako (Corrugados) taldeak aurkeztu ditu. Era berean, denboraldi honetan lau proba antolatuko dituztela azaldu dute. Aurrenengo lasterketa, Jubenilen San Jose Sari Nagusia, igandean izango da 16:00etan. "Denboraldia dagoeneko hasita dago, baina elkarteak aurtengo denboraldian Azpeitian antolatuko duen lehen lasterketa igandean izango da", zioen Lagun Onakeko Juan Joxe Bereziartuak.

Lehen Lagun Onak Txirrindulari Elkartean ibilitako eta gaur egun profesional eta afizionatuen mailan dabiltzan txirrindulariak ere aurkezpenean izan ziren herenegun. Profesionaletan, Bizkaia taldean, dabilen Mireia Epelde txirrindulari azpeitiarrak aurtengo denboraldiaren berri eman zuen. I"nahiko lasterketa gogorra izan da, bai eguraldiagatik eta baita parte-hartzaileengatik ere. Aurten urte olinpikoa denez jendea ondo prestatuta dago". Iraila arteko lasterketen egutegia du aurretik Epeldek, "aurten gainera 8-9 gaude taldean eta ipurdia hestutu beharra izango dugu denboraldi bukaerara heltzeko.

Bost afizionatuetan

Afizionatuen mailan Unai Iparragirre (Belca taldean), Ander Garmendia (Bidelan-Kirolgi Oreki), Jon Garate (Caja Rural), Jokin Sudupe (Urnieta-Biyok) eta Eñaut Bilbao (Urnieta Biyok) dabiltza. Gauzak ondo joaten bazaizkie, maiatzean Urrakiko Igoeran lehian ikusiko dituzte zaletuek. Hauek euren asmoen berri ere eman zuten. Iparragirrek aurten bigarren denboraldia du afizionatuetan, "iaz, helburua ikastea eta lasterketak bukatzea izan nuen. Aurten hobetzen saiatuko gara, ihesaldietan parte hartzen saiatuz...".

Garmendiak dioenez, maila handiko karrerak izaten dira afizionatuetan, "ez da erraza, baina esperientzia hartzeko ondo dago". Garatek laugarren denboraldia egingo du afizionatu bezala, asmoa 23 urtez azpikoen probetan aurrean ibiltzea du.

Jokin Sudupe, lehen Belca taldean ibili zen eta orain Urnieta-Biyok talde berrian dabil. "Belcako prestatzaileak aukera eman zigun berak sortu zuen taldean parte hartzeko eta hara joatea erabaki nuen", dio Sudupek. Eñaut Bilbao ere Urnieta-Biyok taldearekin dabil, baina aurten ez du denboraldia zorte onarekin hasi, lesionatuta dago eta denboraldiko lasterketarik ez du korritu oraindik, "ea lesioa sendatzen dudan eta korritzen hasten naizen. Gainontzean talde ona daukagu eta gure arteko giroa ona da".

Lagun Onak txirrindulari elkartea

Taldeak

-Corrugados. Kadeteak.

Taldekideak: Jokin Badiola, Iker Zabala, Jon Korta, Ander Zubimendi, Josu Larrañaga, Joseba Solozabal, Ion Domingez eta Liher Izagirre.

-Lan Mobel. Jubenilak.

Josu Korta, Jon Iparragirre, Jakes Zubillaga, Markos Zaldibia, Jakes Goenaga, Ion Iriarte, Mikel Elorza, Mikel Madinabeitia, Gorka Agirre, Beñat Mendia, Joritz Alberdi eta Imanol Arizmendi.

Antolatutako probak

Martxoak 16. XXVII. San Jose Sari Nagusia. Jubenilak. 16:00etan.

Martxoak 30. XXVIII. Azpeitia Saria. Kadeteak lehen eta bigarren urtekoak. 16:00etan.

Maiatzak 4. XXXVI. Urrakiko Igoera. Afizionatuen mailako proba.

Uztailak 26. XXVIII. San Inazio Saria. Kadeteen mailako lasterketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide