Astindu bat memoriari

Uztarria.eus 2008ko mar. 13a, 18:03

Haizea eta Sustraiak taldeak ‘Txiki’-ri buruzko dokumentala botako du larunbat honetan, Betharrametan, 17:30etik

Joan Tarda, Doris Benegas eta Arantxa Arruti Espainiako Gerrak eta frankismoak eragindako kalteez ariko dira mahainguruan, 19:30ean hasita

Memoria historikoa berreskuratzen joateko asmoz, Haizea eta Sustraiak Kultur Taldea han-hemen ekimenak antolatzen ari da, eta Azpeitian ere antolatuko du, Udalaren babesarekin: martxoaren 15ean (larunbata), Betharrametan, Uztarriaren herri aldizkarian martxoko zenbakian iragarri bezala. Juan Paredes Txiki zenari buruzko dokumentala botako du, eta hari buruzko liburuaren aipamena ere egingo dute taldekoek.

Horretaz gain, egun eta toki bererako mahaingurua antolatu dute: Joan Tarda (ERC), Doris Benegas (Izquierda Castellana) eta Arantxa Arruti (ezker abertzaleko militante historikoa) Espainiako Gerrak eta frankismoak eragindako kalteez ariko dira.

Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak ziren, eta 1975eko irailaren 27an fusilatu egin zituen Francoren erregimenak; Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia FRAPeko kideak ere exekutatu zituzten egun berean.

Otaegi nuarbetarra zen eta 33 urte zeuzkan hil zutenean. 1974-ko azaroaren 18an atxilotu zuen Poliziak, etxean. 1975eko maia-tzean Burgosera (Espainia) eraman eta irailean hil zuten, kartzelan, baratzeko hormaren kontra. Uztarria Kultur Koordinakundeak Otaegiri buruzko biografia argitaratu zuen 2001ean, Iban Arregik idatzita.

Egitaraua

-12:30: Omenaldia Nuarbeko hilerrian.
-17:30: Dokumental emanaldia.
-19:30: Mahaingurua. Arantxa Arruti, Doris Benegas eta Joan Tarda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide