Azkoitia-Azpeitia XV. Maratoi Erdia hilaren 29an izango da, Diego Garcia gogoan

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 14a, 11:03

Mila lagunetik gorak parte hartzen du urtero maratoi erdian.

Antolatzaileen lana errazteko helburuarekin, aurten ezin izango da lasterketa egunean izena eman

.16:30ean abiatuko da lasterketa Azkoitiko plazatik

Datorren asteartean, martxoaren 18an, aurkeztuko dute 2008ko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Martxoaren 29an egingo da lasterketa eta 15 urte beteko ditu aurten. Azken zazpi probak Diego Garcia kirolari azkoitiarraren oroimenezko ekitaldi bihurtu dituzte antolatzaileek.

Iazko arrakastari eutsi nahi diote antolatzaileek; XeYe Kirol Elkarteak eta El Andaluz Peña Taurina elkarteak, hain zuzen ere. Horretarako, Lan Mobel, Corrugados, New Balance eta Kutxaren laguntza izango dute.

.2007an, kirol herrikoia eta profesionala uztartzeko lasterketak duen helburua inoiz baino hobeto bete zuten. Izan ere, mila korrikalari baino gehiagok parte hartu zuten lasterketan, eta ordu artekomarkak hautsi zituzten Yaret Asmeronek eta Pamela Chepchumbak. Oraindik baieztatu gabe badago ere, Yaret Asmerok lasterketan parte hartzeko ahalegina egiten ari dira antolatzaileak.

Aurten ere, "kirolari herrikoiak ondo tratatuko ditugu eta elitezko kirolariek denbora onak egin ditzaten animatuko ditugu", adierazi du urtero proba antolatzen ibiltzen den Jose Mari Floresek.

Berrikuntza gutxi

Martxoaren 29an, 16:30ean abiatuko da lasterketa, Azkoitiko plazatik. 21 kilometro eta 97 metroko proba izango da, Gipuzkoako Atletismo Federazioak homologatutako urteroko ibilbidean. Loiolako Ibilbidean (Loiola Hotelaren parean) jarriko dute helmuga.

.16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete lasterketan, bertakoak nahiz kanpokoak, eta federatuak egon edo ez. Zazpi kategoriatan banatuta emango dituzte sariak: sailkapen orokorra, federatu gabeak; beteranoak; bertakoak (Azkoitia-Azpeitia); Kutxa Trofeoa; eta atleta ezinduak.

Aurten, estreinakoz, lasterkariek ezingo dute egunean bertan izena eman, martxoaren 28an itxiko baita epea. Lasterketa egunean banatuko dituzte txipak, irteera ondoan, 14:00etatik aurrera. Helmugan, txipa bueltatuz eta dortsala erakutsiz gero, partaide bakoitzari elastikoa eta giltzatako bana emango diote, opari gisa.

Korrikalari bakoitzak aseguru bat izango du; beraz, ezinbestekoa da izena ematerako orduan NAN zenbakia ere ematea.

Urtero moduan, lasterkarientzat autobus zerbitzua jarriko dute, horiek irteeraraino eramateko. Azpeitiko igerilekutik aterako dira autobus horiek, 15:00etan hasita.

Datuak

Izen-ematea. Dendetan 15 euro eta internet bidez, 13 euro. Probaren bezperan bukatuko da izena emateko epea; martxoaren 28an, arratsaldez.

Izena emateko tokiak. Eskualdean: Plaza Berri Sport (Azkoitia); Aradi Kirolak eta Aitzaki Kirolak (Azpeitia); Nere Sport (Zarautz). Internete bidez: ww.sarralle.com/media/maraton.

Parte-hartzea

.2007. 1.103 lasterkari.

.2006. 1.133 lasterkari.

.2005. 1.124 lasterkari.

Irabazleak (gizonak/emakumezkoak)

.2007. Bi marka ezarri zituzten: Yaret Asmeron (01:00:26) eta Pamela Chepchumba (1:08:57).

.2006. Yaret Asmeron eta Margaret Karie.

.2005. Simon Kiprop eta Yesenia Centeno.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide