Aurten ere ez du hutsik egingo Betharramistetako futbito txapelketak. Atzo, osteguna, egin zuten antolatzaileen eta parte-hartzaileen lehenengo bilera Gaztetxean. Adostutakoaren arabera, martxoaren 31n, astelehena, ekingo diote gazteek partidei.
Denera, 21 taldek izena eman dute dagoeneko eta lau taldetan banatu dituzte. Izen-ematea oraindik zabalik dagoen arren, apuntatu nahi dutenei lehen bai-lehen Gaztetxera agertzeko eskatu diete antolatzaileek.
Aurten txapelketan "ahalik eta kiroltasun handiena bultzatzeko ahalegina" egingo dute gazteek. Hala adostu zuten atzoko bileran.
Azpeitian Gazteok Zer?! taldeak antolatzen zuen lehen txapelketa; azken urteetan Gaztetxeak hartu die lekukoa.
Gazte Astea
Martxoaren 31an hasi eta ekainaren 7an, larunbata, bukatuko da txapelketa. Aurreko astean, berriz, beste urteetan bezala, Gazte Astea antolatuko dute gazteen inguruko arazoak eta beharrak aldarrikatzeko. Astea larunbateko futbitoko finalekin bukatuko da. Plazan jokatuko dira aurten ere eta ondoren, afaria egingo dute gazteek elkarrekin.