Formazioan trebatzeko

Uztarria.eus 2008ko mar. 14a, 15:03

Jose Luis Zubizarretak eta Manuel Unanuek ikastaroaren inguruko azalpenak eman dituzte, gaur, ostirala, udaletxean.

Udaleko kirol mahaiak, Iraurgi Saskibaloi Taldearekin batera, saskibaloiko entrenatzaile izateko ikastaroa antolatu du Aste Santu bukaerarako

Denera, 45 ordu izango ditu ikastaroak eta izen-ematea martxoaren 18an bukatuko da

Udaleko Kirol Mahaiak eta Iraurgi Saskibaloi Taldeak, Gipuzkoako Saskibaloi Federakuntzarekin elkarlanean, saskibaloiko entrenatzaile izateko ikastaroa antolatu dute Aste Santu bukaerarako. Herriko saskibaloi taldeetan dagoen entrenatzaile eskasiari bultzada eman eta horiek formazioan trebatzea izango du helburu ikastaroak.

Azpeitian bertan eskainiko dute, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, hain zuzen,eta euskaraz izango da. Denera, 45 ordu izango ditu: martxoaren 25etik 28ra banatuta, hurrenez hurren. Goizetan, 9:00etatik 13:00etara izango dira klaseak eta arratsaldean 15:00retatik 18:00etara. Gero, apirilaren 2an,17:00etatik aurrera azterketak egingo dituzte.

Kirol Mahaiaren lehentasunetako bat: formazioa

Manuel Unanue Udaleko kiroletako batzordeburua eta Kirol Mahaiko kidearen arabera, "Kirol Mahaitik zehaztutako bideari jarraituz" adostu dute ikastaroa. Kirol Mahaiak eta bere talde dinamizatzaileak kirol arloan herrian bizi den egoera aztertzen hasteaz batera, formazioaren garrantziaz jabetu ziren: "formazioa garrantzitsua ikusi genuen eta horren alde egingo dugu lan". Oraingoan, Iraurgi Saskibaloi Taldekoek jarri dituzte zerbitzuak eta beraiek arduratu dira ikastaroan eman beharreko edukiez.

Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria eta Udaleko Kirol Mahaiko kidea da ikastaroaren antolatzaileetako bat eta berak azaldu duenez, "eskolarteko kirolean, batez ere, entrenatzaile falta handia eta formazio gutxi dago". Saskibaloi taldeak antolatzen duen laugarren ikastaroa da hau eta Zubizarretak dioenez emaitzak ikusita, "inbertsio ona" dira ikastaro hauek. "Eskaini ditugun hiru ikastarotan, denera, 46 lagunek atera dute titulua: horietatik 25 lagun klubean ari dira lanean eta beste hamaikak ikastetxeetan dihardute". Zubizarretak dei egin die herritarrei ikastaroan parte-hartzera. Gaztetxoei egin die deia batez ere, "opor garaian zabaldu zaien aukera hau aprobatxeko" esanez.

Martxoaren 18a, izen-emateko azken eguna

Martxoaren 18an bukatuko da izen-emateko epea eta horretarako Jose Luis Zubizarretari deitu beharko zaio 675707010 telefono zenbakira. Ikastaroan parte-hartu ahal izateko 85 euro ordaindu beharko dira. Hala ere, ez dute nahi dirua ikastaroa egiteko arazo izatea. "Norbaitek kuota ordaintzeko arazoak izanez gero, Udaletik bideratuko genuke kopurua", dio Unanuek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide