Mendizaleak Izarraitzen bueltan

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 1a, 12:04

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Izarraizko biran parte hartu zuten mendizaleak.

Martxoaren 16an Lagun Onak-eko mendizaleek bost ordu eta erdi inguruko ibilbidea egin zuten Izarraitzen

"Baserri piloa ezagutu eta ia asfaltorik zapaldu gabe ibilbidea egiteko aukera dago" diote

Lagun Onak Mendi Bazkuneko mendizaleak Izarraitzen egin dute azken ibilaldia. Martxoaren 16an Izarraizko bira egin zuten, "eguraldi paregabearekin". Mendizaleen esanetan, "ibilbide guztia marra hori-zuriei jarraituz egin genuen. Herriko plazatik irten eta hilerritik pasatuz Takolora lehenengo; ohikoa ez den bezala, beheraka egin eta Otsoko baserritik Urretara igo ginen ondoren, handik Kostiteko putzura helduz".

Azpeitiko lurretatik Azkoitikoetara pasatu ziren; Pikua aldetik Aitzara eta handik Otarrerantz, "bide gorritik igoera polit bat eginez". Hamaiketakoa Attola Zaharren egin eta Zestoara abiatu ziren ondoren, Goltzibar aldetik jaitsita, "Ondarbaso aldetik Haitzbakarren azpitik". Ibiliaren ibiliaz, Bentaberritik, Arraio aldetik, berriro ere Azpeitiko hilerri aldera iritsi ziren, abiapuntura.

"Ia hogei kilometroko ibilbide zoragarria osatu genuen, Izarraitzi bira emanez. Baserri piloa ezagutu eta ia asfaltorik zapaldu gabe ibilbidea egiteko aukera dago, bost ordu eta erdi inguruan". Izarraitzek eskaintzen duen beste aukera bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide