Igandean ETAk Erlon burututako ekintzaren harira, Udal Gobernuak "kezka" adierazi du

Uztarria.eus 2008ko api. 1a, 13:04

Konponbidea eta bakea lortzeko alderdien arteko mahaia "inoiz baino beharrezkoagoa" dela uste dute gobernuko kideek

"Gatazka modu elkarrizketatuan garatzeko eta bultzatzeko gure deia eta konpromisoa adierazi nahi dugu" diote

Joan den igandean ETAk Erloko telebista hedagailuaren kontra burututako ekintzaren harira, Udal Gobernuak "kezka" adierazi du hedabideei igorritako komunikatuaren bidez. Hain zuzen, EAE-ANVko kidea da Azpeitiko alkatea —Iñaki Errazkin—; EAk, Aralarrek eta hirurek osatzen dute udal gobernua. Horien ustez, gatazka politikoari konponbidea bilatzeko "ezinbestekoa da alde guztien arteko elkarrizketa" eta horretarako "konpromisoa" azaldu dute.

"Ildo beretik, konponbidea eta bakearen bidean alderdien arteko mahaia momentu hauetan inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu" diote. Horren aurrean, alderdi eta eragile sozial eta sindikalei dei egin diete elkarrizketaren bidez konponbidea eta bakea lortzeko "ahaleginak biderkatu" ditzaten.

Udal Gobernuaren arabera, "guztion arteko elkarrizketak ahalbideratuko duen akordio politikoa da giltza, eta akordio politiko horrek herritarren borondatean oinarritua behar du izan". Edozein proiektu politikoren "inposaketa" baztertuz, "Euskal Herriak hitza eta erabakia" izan behar dituela azaldu dute.

"Horrelako gertakaririk gehiago jazo ez dadin, dagokien eremutik", lanean jarraituko dutela adierazi dute, "bake justu eta iraunkor baten bila".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide